Vueling-ek “atzerapen handi” batengatik kalte-ordaina eman du ea berehala eta inolako oztoporik ipini gabe

Aireko biaien enpresek gutxitan ematen diete erantzun azkarra bidaiarien erreklamazioei eta, erreklamatzaileek arrazoia edukita ere, nekez ematen dizkiete aireko bidaien arautegiek ezartzen dituzten kalte-ordainak hori ekiditeko aitzakirik edo trabarik ipini gabe. Ohikoena da erreklamazioari erantzuna asko atzeratzea, hainbat kasutan erantzunik ez ematea ere bai (bidaiariek dagokiena eskatzen temateari uztea lortuz askotan), eta kantzelazioengatik edo atzerapenengatik behar diren kalte-ordainak ematea sahiesten ahalegintzen dira maiz epaiketa batean horretara behartuak izaten diren arte. Gaur azaltzen dugun “arrakasta kasu” honetan harriduraz eta pozaz hartu genuen EKA/ACUVeko bazkide baten erreklamazioari Vueling konpainiak eman zion erantzun azkarra eta behar bezalakoa.

Joan den martxoaren 27an, M.G.A.k, bere emazteak eta hiru semealabek Bilbo-Tenerifeko hegaldi batean bost ordutik pasa zen atzerapena pairatu zuten, eta etxera itzulitakoan eta gure elkartearen laguntzaz gertatutakoari zegokion kalte-ordaina eskatu zioten Vueling airelineari, bidaiari bakoitzagaik 400 euroko kalte-ordaina hain zuzen ere, 2005ko otsailaren 17tik indarrean dagoen Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren 261/2004 Arautegiak agintzen duenaren araberakoa. Eta, harrigarriki, Vuelingek horixe bete zuen soilik 20 egun beranduago.

Aipatu araudiak “atzerapen handi” batek, bost ordutik pasa denak, kantzelazio batek jaso behar duen “kalte-ordain automatiko” berbera jaso behar duela agintzen du: 250 euro 1.500 kilometro arteko hegaldietan; 400 euro Europar Batasunean barneko 1.500 kilometro baino gehiagoko hegaldietan eta 1.500-3.000 kilometro arteko bestelako hegaldietan; eta 600 euro gainontzeko hegaldietan. Kantzelazioaren kasuan, “kalte-ordain automatiko” horrez gain, bidaiariak norabide berberako lehen hegaldian joatea ala zazpi egunetan jaso behar den txartelaren diru osoaren itzulpena aukeratzeko eskubidea dauka.

Utzi iruzkina