Tindategien zerbitzuen araudia

Share on whatsapp
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin

INFORMAZIOA JENDAURREAN

Eskaintzen dituzten zerbitzuen gehienezko prezioak, erabilienak diren pieza bakoitzari buruzkoak. BEZa barne dagoen edo ez adierazi behar dute. Tindategiaren ardurapean utzitako jantzia galtzean edo hondatzean eta konpontzerik ez dagoenean guri dagokigun kalteordaina jasotzeko eskubidea. Kalteordainaren kopurua zerbitzu-emailea eta bezeroaren artean adostu behar da eta ordezkagirian idatzita egon behar du. Zerbitzu osoa edo zerbitzuaren zati bat aldez aurretik ordaintzeko eskatzen duten establezimenduetan, agerian jarri behar dute gure adostasuna dutenean bakarrik eska dezaketela aldez aurretiko ordainketa. Gomendiozko-gutuna ere publikoak ikusteko moduan egongo da ezinbestean.

Ordezkagiria

Jantzia hartzeko unean, zerbitzu-emaileak ordezkagiria eman behar digu; ordezkagiriak datu hauek jasoko ditu, besteak beste:

  • Gure identifikazioa eta tindategiarena.
  • Jantzia tindategian hartutako data eta jantzia itzultzeko aurreikusitako data.
  • Jantziaren eta eskatutako zerbitzuaren zehaztapenak.
  • Prezioa.
  • Hala egokituz gero, jantziaren egoerari buruzko oharrak. Zerbitzu-emaileak ordezkagirian jasota utz dezake jantzia -arrazoizko kausak direla medio- hondatuta geratzeko arriskua, edo zerbitzua bezeroak eskatua ez bezalakoa izatekoa, eta, horrela, jantziaren gaineko ardurak gutxitu ditzake.
  • Jantziaren balorazioa, baldin eta zerbitzu-emailearekin ados jartzen bagara.
  • Tindategiaren sinadura edo zigilua.

Jantzia jasotzeko, ordezkagiria aurkeztu behar dugu, eta atzera itzuli egin behar digute, zerbitzuari dagokiona ordaindu dugula idatzita. Ordezkagiria egiaztagiriren parekoa da edozein erreklamazio egin ahal izateko. Tindategian utzitako jantziak 3 hilabete igaro baino lehen jaso behar ditugu. Epe hori pasatutakoan, kopuru jakin bat kobra diezagukete arropa gorde edo zaintzeagatik; beti ere, horregatik zenbat kobratzen den jendaurrean jarrita baldin badago.

NOLA EKIDIN ETA KONPONDU ARAZOAK

Gomendiozko gutuna

Tindategi-establezimenduek jendaurrean eduki behar duten gomendio-multzoa da; gomendio-multzo hori oso kontuan izan behar dugu zerbitzu egokia lortzeko. Gomendioak hauek dira, besteak beste: Tindategira jantziren bat eramaterakoan, begiratu jantzia zein egoeratan dagoen, botoietan edo krisketetan akatsik ba ote duen, eta patriketan ezer ez dagoela ziurtatu. Ordezkagiria edo egiaztagiria eskatu behar da beti, eta bertan eskatutako zerbitzuari buruzko ohar zehatzak eta jantziaren ezaugarriak idatzita daudela ziurtatu. Gomendagarria da ordezkagirian edo egiaztagirian agertzen den prezioa establezimenduan agerian jarritakoa baino handiagoa ez dela begiratzea. Oso gomendagarria da jantziaren balioaz zerbitzu-emailearekin ados jartzea, jantzia hondatu edo galdu egiten bada ere. Jantzia jasotzerakoan zerbitzuak akatsak izan dituela nabaritzen badugu, guk ordaindu behar izan gabe zerbitzua berriro emateko eska dezakegu. Tindategiko zerbitzuaren ondorioz jantzian akatsen bat gertatzen bada, kalteordaina eska dezakegu, eragindako akatsen araberakoa.

ERREKLAMATZEKO

Arazorik gertatuz gero, tindategikoarekin modu onean eta arrazoizkoan ados jartzen saiatu behar dugu. Hori ezinezkoa bada, hauetara jo dezakegu: Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzak, kontsumitzailearentzako informaziorako udal bulegoak (KIUB) edo kontsumitzaileen elkarteak. Horietara jo aurretik, tindategiak gure eskura izan behar duen erreklamazio-orria betetzeko eskubidea dugu. Tindategien araudia hausten dituzten ekintzak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak isunen bidez zigortu egin ditzake. Kontsumoko arbitraia-sistemara ere jo dezakegu; tindategi asko daude sistema horretan sartuta. Kontsumoko arbitraia-sistemara atxikitako tindategi-zerbitzuak kontratatuz gero, bermatuta izango dugu gerta litezkeen arazoak azkar konponduko direla. Azken aukera auzibide da.