TAXI ZERBITZUARI BURUZKO KONTSULTA: IBILBIDEA, EZBEHARRAK, BAGAJEA, ORDAINAGIRIA…

Share on whatsapp
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin

Taxien zerbitzuari buruz zalantza batzuk ditut. Helmugara iristeko ibilbidea erabaki al dezake bidaiariak? Naraman taxiak bidean istripuren edo matxuraren bat badu eta helmugara heldu ez banaiz, kobratu ahal didate zerbitzua? Behartuta al dago taxilaria ekipajea maletategian sartzen laguntzera? Zerbitzua amaituta ordainagiria eman behar al dit horixe eskatzen badiot?

Erabiltzaileak eskubidea du nahi duen ibilbidea hautatzeko. Horretaz ezer esaten ez badu, taxilariak erabakiko du biderik zuzenena eta azkarrena une horretan, orduaren arabera, zirkulazioaren egoeraren arabera… Bidaia hasita matxura edo istripu bat gertatuz gero, taxilariak kontagailua gelditu egin behar du eta bideari berriz ekitekorik ez badu, geratu den lekura bitartean egindako bidea kobratuko du, baina bandera jaitsiera deskontatuta. Halaber, saiatu egin beharko du ahalik eta azkarren beste taxi batek bidaiaria har dezan, hark eskatzen badio edo leku arriskutsu batean gelditu bada edo oinez atera ez daitekeen lekuren batean, adibidez autobidean. Ekipajeari dagokionez (50 kilo gehienez eraman daitezke 4 bidaiari arteko ibilgailuetan eta 60 kilo taxi handiagoetan), taxilariak lagundu egin behar dio erabiltzaileari maletategian sartzen eta handik ateratzen. Eta ordainagiria emateko ere beharra du taxilariak zerbitzua amaitzean bidaiariak hala eskatzen badio. Erreklamazio orriak ere eraman behar ditu taxiak. Ordainagirian agertu beharreko datuak hauexek dira: lizentzia zenbakia, IFZa, ibilgailuaren matrikula, data eta ibilaldiaren prezioa eta taxilariaren sinadura. Espainiar Estatuan taxien zerbitzua arautzen duena da Automobil Arinetan Egindako Hiri Barruko eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuen Espainiako Arautegia, martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuak onartutakoa. Autonomia erkidegoek eta udalek xedapen gehigarriak erantsi ditzakete erabiltzaileen eta taxilarien eskubide eta betebeharren inguruan.