MERKATU ETA AZOKEI EUTSI DIEGU

Share on whatsapp
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin

Covid-19k eragindako osasun-krisia dela eta, Eusko Jaurlaritzak 2020ko apirilaren 8an EAEko aldizkari ofizialean argitaratu zuen EAEko udalerrietan elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalak bertan behera uzteko agindua baliogabetzea lortu dugu, eta oso pozik gaude. Lehen sektoreko eragile nagusienen eta beste hainbat herri-eragileen ( 300 baino gehiago ) arteko elkarlanarekin erakutsi dugu baserritarrak eta kaletarrak komunitate bat osatzen dugula eta badakigula zer nahi dugun, edo behinik behin, zeren alde borrokatu nahi dugun.


Baserritarrak zein kaletarrak, herritarrak garen heinean, kontziente gara erosketa bakoitzaren atzean herri-eredu jakin baten aukeraketa dagoela. Aukeratzen da ekoizpen eredua, harremanak izateko eredua, paisaia, eredu ekonomikoa… Merkatuak eta azokak babesten ditugunok baserritarrak ari gara babesten, euren lanari duen balioa ematen diogun neurrian,
besteak beste prezio justu bat ordainduta. Merkatu eta azoketara joaten garenok, jakiak etxean jasotzen ditugunok, zein bestelako saltoki txikietara joaten garenok, zuzeneko harremanetan sinesten dugu, horrek ematen baitigu aukera benetan ezagutzeko zer jaten ari garen; janariari buruzko benetako informazioa jasotzen dugu ekoizlearengandik, ez publizitatea. Pertsonen eta ingurumenaren zaintza lehenetsi nahi dugu gure kontsumo
ohituretan. Hiri eta herriko merkatu eta denda txikietan saltzen dituzten gure baserritarren jakiak erosi nahi ditugu, bertako produktuen salerosketa lehenetsi, osasuntsuak diren jakiak eskuratu ingurumenarekin errespetuzkoa den kontsumoa gauzatzeko.


Ikusi dugunez, bide honetan ezinbestekoa da ekoizleen, dendari txiki eta kontsumitzaileen arteko saretze-lana. Elkarlana eraginkorra izan da eta horregatik bertan parte hartu dugun eragile guztiak zoriontzeko beharra ikusi dugu; klima larrialdi egoeran, eta osasun krisi baten erdian, arduraz jokatzeko borondatea eta ahalmena erakutsi dugulako.


Baina, oraindik bide luzea daukagu egiteko, pertsonen neurriko eta ingurumenarekiko errespetuzko ekoizpen eta kontsumoaren alde. Administrazioarekin lan egitea ezinbestekoa izango da bestelako nekazaritza-politikak sustatu ditzan, baina ikusi bezala, herritarron arteko
harremanetan dago eredu aldaketarako giltza. Apirilaren 17a Baserritar Borrokaren Mundu eguna dela aprobetxatuz, baserritar txikien eta gertuko kontsumoaren aldeko aldarria egiteko aprobetxatuko dugu eta alboan izan zaituztegun eragile guztiei, eta gainerako herritarrei, dei gure mezua zabaldu eta proposatutako ekimenean parte hartzera.


Elikadura burujabetzaren alde erosten dugu


Euskal Herriko herritarrei dei egiten diegu baserritar txikien eta gertuko kontsumoaren aldeko aldarria egiteko biharko egunean, Baserritar borroken mundu egunean, (A17) eta bakoitzak bere erara babesa plazaratzeko. Adibidez argazki bat atera dezakezue bertako produktuak
erosiz azokan, denda txikiren batean, zuzenean baserritarrei edo antzeko ekintza batean.
Ondoren argazkiak Elikadura burujabetzaren alde erosten dugu mezuarekin eta Via Campesinak proposatzen duen traola ( #GeraZaitezEtxeanEzIsilik ) erabiliz sare sozialetara igotzea eskatzen dizuegu. Bestelako egitasmoak ere ongi etorriak izango dira: bertsoak,
mezuak, irudiak,…
Sare sozialetako kanpaina abiatzeko bideo bat argitaratuko dugu goizeko 9.00etan. Elikadura burujabetzaren aldeko 5 ahotsen adierazpenak jaso ditugu bertan. Eskerrik asko zabaltzen laguntzeagatik

#GeraZaitezEtxeanEzIsilik

#goranekazarienborroka #elikaduraburujabetza #SOSNekazariak