Mailegu azkar bat kontratatu baino lehen kontuan izateko funtsezko zazpi iltze

Krisiaren ustezko amaierarekin eta ukaezina den kontsumoaren gorakadarekin indarrez itzuli dira mailegu azkarrak. Diru kopuru txikiko maileguak izaten dira gehienetan, ea berehala eta baldintzarik gabe eskuragarriak, baina oso korritu altuak eta berandutze-interes izugarriak dituztenak ere bai. CECUk eta EKA/ACUV-ek honelako mailegu bat kontratatu baino lehen kontuan izateko oinarrizko aholku batzuk ematen dituzte.

  1. Mailegu azkarra eskatu baino lehen, gogoeta eta zenbakiak egin. Hobe da gerrikoa estutzea zorpetzean sartzea baino, batez ere beste mailegu batzuk ordaintzen ari badira. Ezinbestekoa bada beste mailegu bat hartzea, ahalik eta diru gutxiena eskatu gainzorpetzean ez erortzeko.
  2. Ez kontratatu mailegu azkar bat telefonoz soilik. Interesatzen zaizun maileguaren eskaintza lotesle idatzizkoa eskatu eta kontratatze baldintza orokorrei ondo erreparatu.
  3. Ondo baino hobeto begiratu ordaindu beharreko korritu-tipoak. Mailegu azkarrek oso tipo altuak ohi dituzte (gehienetan %20tik gorakoak) eta eskatutakoa baino askoz gehiago itzuli beharko da amaieran. Finantzabide aukera ezberdinak aztertu.
  4. Kontuan izan maileguan hartutako dirua eta korrituak epean, garaiz, itzultzen eta ordaintzen ez badira, gainordain, komisio eta berantze-korritu oso altuak kobratuko dituela mailegu-emaileak, kasu askotan mailegu-hartzaile berankorren ondareak enbargatzera helduz.
  5. Tarifen liburuxka ondo begiratu ordainarazi ahal dizkizuten gastuak eta komisioak ezagutzeko eta zein kontzeptu edo egoerei dagozkien.
  6. Gogoratu mailegu azkar bat urrutiko kontratazioaz (telefonoz, Internetez…) edo finantza bitartekari baten bidez hartzen bada uko edo atzera egiteko eskubidea duzula 14 egun naturaleko epean azalpenik eman behar gabe eta inolako zigorrik jaso gabe.
  7. Edozein zalantzarik izatekotan, kontsumitzaile elkarte batera jo eta laguntza pertsonalizatua eskatu.

Utzi iruzkina