Kontsumoko Arbitrajeak mugikor linea batean adostutako deskontuak ez egiteagatik bezero bati bidegabe kobratutako 107 euro itzultzeko agindu dio Vodafoni

Kontratua arreta handiz irakurtzea eta goitik behera ondo ulertzea sinatu baino lehen, dagokigun kopia hartzea eta eskuragarri mantentzea, ordainketak (hilerokoak, bi hilabetekoak…) kontrolatzea zuzenak direla begiratuz eta fakturak ordenatuta gordetzea. Horiexek dira kontsumitzaileok hartu behar ditugun gutxieneko neurriak zerbitzu inraunkorreko eta hornikuntzako kontratuekin, batez ere energiakoekin eta telefonia-Internetekoekin, gehienetan konplexuak eta korapilatsuak izaten baitira, kontzeptu eta zerbitzu ezberdinak izaten dituztelako (gailuak, lineak, mantenimendua…), deskontuak, egonaldiak, penalizazioak…

A.V.U. kontsumitzaileak neurri horiek hasieratik hartu eta mantendu zituen ADSL, telefono finkoa eta mugikorreko bi linea biltzen zituen kontratu bat Vodafonekin sinatu zuenetik, eta horri esker urriaren 2an Donostian egin zen eta EKA/ACUV-eko abokatu bat epaile eduki izan zuen Kontsumoko Arbitrajea irabazi zion konpainia horri. Bi gauza eskatzen zituen erreklamatzaileak: mugikor linea batean adostutako deskontuak hilabete batzuetan ez egiteagatik Vodafonek bidegabe eta sobera kobratu zion diruaren itzulpena eta konpainiari Arbitraje Sistemak isun bat jar ziezaiola agiri-faltsutzeagatik.

Vodafonek ez zuen Arbitrajera ordezkaririk bidali. Bai ordea bere defentsarako idazki batzuk eta dokumentazioa. Enpresaren agiri horiek eta kontsumitzaileak aurkeztutakoak sakonki aztertu ondoren, Arbitraje Kolegioak aurtengo otsailatik iraila arteko mugikor linea bateko fakturetan bidegabe kobratutako 107,13 euro itzultzea agindu zion Vodafoni, honek “erreklamatzaileak kontratatutako promozioen iraupena ez duelako egiaztatzen” eta “kontsumitzaileak aurkeztutako kontratuaren eta Vodafonek aurkeztutako kontratuaren arteko kontraesanagatik”.

A.V.U.-k 2016ko martxoaren 3an Vodafoneko denda batean sinatu zuen kontratuaren kopia aurkeztu zuen. Vodafonek aurkeztu zuenak data ezberdina zuen, martxoaren 8, eta azaltzen zuen bezeroaren sinadura ez zen A.V.U.-rena. Arbitraje Kolegioak horixe baieztatu zuen alde biek erakutsitako beste agiri batzuetan ipinitako A.V.U.-ren benetako sinadurarekin aldenduta. Hala ere, laudoak errefuxatu zuen Vodafoni agiri-faltsutzeagatik isun bat ipintzeko eskaera, laudoak argitzen duen bezala, hori bere eskuduntzatik kanpo dagoelako.

Utzi iruzkina