KONTRATAZIO ARLOAN PERTSONA KONTSUMITZAILEAK BABESTEKO NEURRIAK COVID-19ak ERAGINDAKO ALARMA EGOERAREN AURREAN

Apirilak 1ean arlo sozial eta ekonomikoan Covid 19ari aurre egiteko premiazko neurriak ezartzen dituen martxoak 31ko 11/2020 Errege – Dekretua publikatu zen eta bertan, beste neurri askoren artean, Kontsumoari buruzko neurriak ezartzen dira.

Konkretuki, errege – dekretu horren 36. artikuluak pertsona kontsumitzaileen eskubideengan eragina duten zenbait neurri arautzen ditu.

1.- ZENBAIT KONTRATU EZEZTATZEKO ESKUBIDEA.- Alarma egoeraren ondorioz enpresa batekin sinatutako kontratua betetzea ezinezkoa balitz, kontratu hori ezeztatzeko eskubidea izango dugu 14 eguneko epean.

Hala ere, Dekretuak lehentasuna ematen dio alderdien arteko akordio bidezko eta fede onez lortutako beste edozein irtenbideri, hala nola, diru-itzultzearen ordez bale edo bonoak eskaini eta onartzeari. Akordio hori lortzeko dekretuak 60 eguneko epea ematen digu; epe hori igaro eta akordiorik lortzen ez badugu, “berraztertze proposamena” posible izan ez dela ulertu eta kontratua ezeztatzeko eskubidea izango dugu.

Enpresariak kontsumitzaile edota erabiltzaileak aldez aurretik ordaindutako dirua itzuli behar izango dio behin berak jasan behar izan dituen gastuak kenduta; hori bai, gastuak desglosatu eta kontsumitzaileari bidali behar izango dizkio. Diruaren itzulpena ordaintzeko erabili zen medio berdinen bitartez egingo da 14 eguneko epean, beti ere itzulpena egiteko beste modu edo bideren bat adosten ez bada alderdien artean.

2.- SEGIDAKO TRAKTUKO ZERBITZU-EMATEAK.- Kasu hauetan, ordaindu baina jaso ez den zerbitzua emateko aukera ezberdinak eskaini ahal izango dizkio enpresak kontsumitzaileari, bai zerbitzua alarma egoera bukatu eta ondoren errekuperatuz edota kuotak txikiagotuz. Kontsumitzaileak zerbitzuaren errekuperaketa ez onartzeko eskubidea du eta horrek zerbitzua eskaini ezin izan den denbora horri dagokion zenbatekoaren itzulpena eskatzeko eskubidea ematen dio.

Bestalde, zerbitzua eman ezin duten enpresek ezin izango dituzte hurrengo kuotak kobratu zerbitzua normaltasunez emateko aukera izan arte. Neurri honek ez du kontratuaren ezeztapena suposatzen, izan ere, kontratuak indarrean jarraituko du, alderdiek kontrakoa adostu ezean.

3.- BIDAIA KONBINATUEN KONTRATUAK.- COVD-19aren ondorioz bidaia konbinatuei buruzko kontratuak ezeztatzen badira, bidaiaren antolatzaile edo agentzia xehekariak alarma egoera bukatu eta urte batera erabilgarria izango den bonoa eskaini ahal izango dio kontsumitzaileari. Bonoaren zenbatekoak dagokion diru-itzulpenaren zenbatekoarekin egingo du bat.

Urtea igaro ondoren bonoa erabilia izan ez bada, diruaren itzulpena eskatzeko eskubidea izango dugu.

Kontsumitzaileak ezusteko edo ohiz kanpoko arrazoiengatik kontratuaren ezeztatzea eskatzen baldin badu, bidaiaren antolatzaile edo agentzia xehekariak ordaindutako diru kopurua itzuli behar izango dio, beti ere kontratuak barne hartzen dituen zerbitzu ezberdinen hornitzaileek (garraioa, ostatua, txangoak, etab.) euren zerbitzuei dagokien diru zenbatekoak itzuli balituzte. Hornitzaile batzuek baino ez balute diru-itzulpena egingo, kontsumitzaileak zati baten itzulpena jasotzeko eskubidea izango du eta zenbateko hori bonoaren zenbatekotik izango da deskontatua.

Diru-itzultze horiek 60 eguneko epe barruan egin beharko dira bidaia konbinatuaren ezeztapenaren datatik edota hornitzaileen itzulpenen datatik zenbatzen hasita.

Utzi iruzkina