Hornidura konpainiako teknikari baten diagnostiko okerrak bezero baten iturri termostatikoaren aldaketa ez beharrezkoa ordaintzera behartu du enpresa

2016ko abuztuaren hasieran M.P.L.G. andreak Iberdrola hornidura konpainia batekin kontratatuta zeukan gasaren mantentze zerbitzura deitu zuen dutxak ez zuelako ur berorik isurtzen.

Abuztuaren 11an bere etxera bertaratu zen teknikariak iturri termostatikoa hondatuta zegoela eta aldatu behar zela esan zion, beste iturriek ur beroa bazuten eta. Konponketa bat egin zuen baina irailaren 26an berriro joan behar izan zuen dutxako arazoa berragertu zelako. Beste konponketa bat egiten du teknikariak eta iturri termostatiko berri bat behar dela errepikatzen dio bezeroari. Oraingoan bai M.P.L.G.-k iturri termostatiko berri bat jartzen du 200,37 euroren truke. Hala ere, urriaren 17an teknikaria hirugarren aldiz agertzen da bezeroaren etxean dutxa berriro ere ur berorik gabe dagoelako. “Hiru bideko balbula batean akats posible bat” antzematen du, ur-emaria eta tenperatura doitzen ditu eta behaketan uzten du. Baina arazoa ez da desagertzen.

2017ko ekainaren 23an aurkezten duen Kontsumoko Arbitraje eskaeran M.P.L.G.-k azaltzen duenez, dutxak aldizka eduki du ur beroa eta termostatikoaren aldaketa eginda ere arazoak iraun du. “Galdara aldatzean konpondu da; horregatik susmoa da gaizki zegoena galdara zela eta ez termostatikoa”. Bezero honek termostatiko berria jartzeagatik ordaindu dituen 200,37 euroak enpresak ordain diezaizkiola eskatzen du.

Arbitrajea urriaren 2an burutzen da Donostian eta auzi-jartzailearen aldetiko epailea EKA/ACUV-eko abokatu bat da. Arbitrajean azaldu beharrean, enpresa idatziz egiten du bere defentsa, bere zerbitzu teknikoaren jokaera “zuzena” izan dela esanaz. Azken bisitaren ostean “bezeroak ez du berriro deitzen berriro arazo bat daukala esateko, hortaz ez dugu akatsak dirauela ulertzen” adierazten du konpainiak. Iturri termostatikoaren kostua ordaintzeari uko egiten dio; “izan ere bezeroari horixe kobratu dion iturginak berak ere aldaketa beharrezkoa zela ulertu izan du”.

Baina enpresaren argudio hauek ez dute Aribtraje Kolegioa konbentzitzen. Auziari amaiera ematen dion ebazpenak, laudoak, teknikariaren diagnostiko okerrak mantentze kontratuaren hauste bat suposatzen duela eta horrek bezeroari sortu dion kaltea enpresak ordaindu behar duela dio eta ondo zegoen iturri termostatikoa aldatu behar izateagatik ordaindu zituen 200,37 euroak M.P.L.G.-ri ordaintzeko agindua ematen dio hornidura konpainiari.

shower-head-49645_640

Utzi iruzkina