Formación Contínua Profesional akademia ezustean itxita agertu da Bilbon

Udako oporren ostean eta ezustean ixten duen hirugarren hezkuntza akademia da azken bost urtetan Bilbon.

EKA-k akademiari ordainketa zuzena eta hilerokoa gomendatzen du ikaslearentzat bide seguruena delako arazorik izatekotan.

Eskolara itzultzearen hilea, iraila, hezkuntza akademien ezusteko itxieren hilea ere bada, Bilbon behintzat. Udako oporretan joan eta itzuli ez, bataz beste 1.800 eurotan ordaindutako ikastaroak jarraitu eta amaitu ezinean uzten dituzte ikasleak. Formación Contínua Profesional, S.L. azken bosturtekoan horixe egin duen hirugarren akademia da; laugarrena 2002 urtean izan zen Openingen eskandalua ere kontuan hartzen bada.

Iraila heltzen da, ikasleak akademiara doaz kontratatutako ikastaroak hastera edo berrartzera eta itxita aurkitzen dute; haren telefonoan, emailean eta weborrian ez du inork erantzuten. Horrela gertatu zen 2002an Opening kasu ospetsuan, 2009an Argi akademiarekin, 2012an Edutekekin eta orain Formación Contínua Profesional hezkuntza akademiarekin. Azken horren egoitzan, Bilboko Licenciado Poza kaleko 77.ean, kartel batek hauxe dio: “Formación Contínua akademia itxita egongo da uztailean eta abuztuan. Irailean itzuliko gara. Barkatu molestiak”. Baina ez dira itzuli. Lokala itxita dago eta arduradunak desagertu dira.

EKA-k horixe baieztatu du akademia horren ikasle batzuen oharra eta kexa jaso ondoren. Akademien arloan ohikoa denez, ikasle horiek maileguak eskatu dituzte ikastaroak ordaintzeko eta Formación Contínua Profesonal akademiaren desagerpenaren aurrean izapideak hasi dituzte finantza entitateekin duten zorraren kita lortu nahian.

EKA-k mailegurik ez hartzea eta kontratuak buru belarri irakurtzea aholkatzen du

Hezkuntza akademien arloan ordainketa-erarik erabiliena ikasleak hileroko epetan itzuli behar duen mailegu bat sinatzea da. Kasu askotan, akademietako komertzialen presioa eta nahita emandako informazio nahasiari ezker (“Ez kezkatu, guk finantzatzen dizugu ikastaroa eta X euro bakarrik ordainduko duzu hilean”), ikasleek ez diote sinatzen duten kontratuari behar bezalako arreta ipintzen eta akademiari hileroko ordainketa egiteko konpromisoa hartzen ari direla uste dute. Baina ez. Finantza entitate batekin mailegu bat hartu dute. Ikasle asko akademia bapatean ixten duenean konturatzen dira erruaz: ezin dute akademiari ustezko hileroko ordainketak gelditu, hartu zuten konpromisoa ez zelako akademiarekin izan, baizik eta finantza entitate batekin, zeinek epeak kobratzen jarraituko du mailegua erabat itzuli arte.

Kasu gehienetan kontsumo-maileguak izaten dira (kontratuan zehazten den produktu edo zerbitzu bat ordaintzeko) eta, teorian, maileguaren helburu hori desagertzen bada (zerbitzu hori eteten edo amaitzen bada behar baino lehen) finantza entitateek zorra kendu beharko lukete. Baina normalean ez dute borondatez egiten.

Opening kasuan, milaka kaltetuk, horietatik askok EKA-ren laguntzaz, finantza entitateak auzi judizialera eraman zituzten eta epaileak ordaintzeke zeuden maileguen epeak kentzeko epaia ematea lortu zuten. Argi akademia desagertu zenean 20 bat ikaslek gauza bera lortu zuen EKA-ren laguntzaz finantza entitateekin negoziaketa gogor batean. Orain antzeko prozesua abian dago Formación Contínua Profesional akademiatik EKA-ra hurbildu diren ikasleen eta haiei maileguak eman dizkieten finantza entitateen artean.

EKA-k hezkuntza akademien ikastaroak kontratatzeko aurretiaz eta eskudirutako ordainketa (ordainketa-erarik arriskutsuena da ikasleentzat) ez egitea eta mailegurik ez hartzea gomendatzen du. Gure aholkua: akademiari zuzeneko eta hileroko ordainketa proposatzea (eskudirutan, banku helbideratzearen bitartez…). Arazoak izatekotan ordainketa-erarik justuena eta seguruena da ikasleentzat, eta akademia batzuk onartzen dute. Ordainketa “finantziatua” soilik onartzen badu akademiak (eta ikasleak akademia horretan ikasi nahi badu aldez edo moldez), arreta handiz irakurri behar da kontratua eta ondo ulertu behar dira sinatzen ari dena eta horren balizko ondorioak.

Gomendagarria da ere bai ezer sinatu baino lehen akademiaren seriotasunaz eta fidagarritasunaz informatzen saiatzea, adibidez Interneteko foroetan eta sare sozialetan. Izan ere, errealitateak argi erakusten du noizean behin ustekabe itsusiak ematen dituen arlo bat dela hezkuntza akademiena.

Utzi iruzkina