EUSKADIN ELIKAGAIAK XAHUTZEARI EZ: MANIFESTUA ETA EKINTZA PLANA

EUSKADIN ELIKAGAIAK XAHUTZEARI EZ: MANIFESTUA ETA EKINTZA PLANA

Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformak iritziak trukatzeko FORO izan nahi du, modu boluntario eta kolaboratiboan ekimenarekin bat egingo duten eta etorkizuneko Ekintza Planean proposatuko diren jarduketak diseinatzeko eta ezartzeko gaitasuna (egiturazkoa eta/edo funtzionala) duten instituzio, erakunde, elkarte, entitate eta abarren partaidetzaren bidez.

Plataforman parte hartzen duten erakundeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

  • Euskal administrazioei aholkularitza eta laguntza ematea elikagaien xahuketaren esparruan hartu beharreko politiken inguruan.
  • Eragile ozen gisa jardutea gizartea eta inplikatutako erakundeak sentsibilizatzeko, elikagaien xahuketak duen eraginari buruz kontzientziatzeko helburuarekin.
  • Ekintza Plana gauzatzen eta bidezkotzat jotzen diren ekimenak ezartzen laguntzea.

MANIFESTUA-KONPROMISOA

FAOren arabera, giza kontsumorako ekoizten diren elikagaien herena hondatu egiten da edo alferrik galtzen da mundu osoan, hau da, ia 1.300 milioi tona urtean.

Europar Batasun osoan, 88 milioi tona elikagai zaborretara botatzen dira. Elikagaiok ekoiztearen eta ezabatzearen ondorioz, 170 milioi tona CO2 isurtzen dira, eta 26 milioi tona baliabide erabili behar izaten dira.

Euskadin, kalkulatzen denez (diagnostiko kuantitatiboa oraindik ez dago bukatuta), urtean 350.000 tona elikagai inguru xahutzen dira.

Nazio Batuen Erakundeak, garapen jasangarrirako helburuen barruan, proposatzen du 2030erako erdira murriztea mundu osoko per capita elikagaien xahutzea hala txikizkako salmentan nola kontsumitzaileen mailan, eta elikagai gutxiago galtzea ekoizpen- eta hornidura-kateetan zein uztaren ondoren.

Era berean, eta nahiz eta mundu osoan nahikoa elikagai ekoizten den, gosea da oraindik garapenaren erronka premiazkoenetako bat. Gaur egun galtzen diren elikagaien erdiarekin bakarrik, goseak dauden biztanle guzti-guztiak elika litezke.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzaren beste plan batzuekin bat eginez (Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa, 2020ko Ingurumen Esparru Programa, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Plana), Euskadiko Elikagaien Xahuketaren Aurkako Ekintza Plana prestatzen ari da, Elika Fundazioaren bitartez. Plan horren esparruan, lan-mahai bat eta lantalde espezifikoak eratu dira, eta hainbat administraziok eta elikakateko eragile guztien ordezkariek parte hartzen dute eta parte hartuko dute horietan.

Elikagai-soberakinak prebenitzeko, murrizteko, berrerabiltzeko eta berriz balioa emateko erronka lortzeko, administrazio publikoek ez ezik, gizarte oso-osoak esku hartu behar du: sektore ekonomiko guztiek (ekoizpen primarioa, eraldaketa, banaketa, ostalaritza, jatetxeak, sukalde zentralak…), ikerketa- eta teknologia-zentroek, unibertsitateek, erakunde sozialek eta bereziki herritarrek.

Horregatik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikaren Sailburuordetzak, prestatzen ari den Ekintza Planaren barruan, honako manifestu hau egin du, Elikagai Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma sor dadila sustatzeko.

Manifestu hau sinatzen dugun erakunde eta elkarte publiko eta pribatuak eta eragileak jakitun gara lankidetza, kontzientziazioa eta lan etengabea beharrezkoak direla elikagai-xahuketa murrizteko.

Horregatik, konpromiso hauek hartzen ditugu:

-Ekintza Plana martxan jartzen laguntzea eta haren garapenean aktiboki parte hartzea.

-Sinergiak sortzea, planarekin lotutako ekintza guztiak errazago martxan jartzeko.

-Elikagaiak xahutzen diren euskal elikakateko puntuak eta xahutze horien kausak identifikatzeko beharrezko informazioa ematea.

-Gizartea, eragile ekonomikoak eta hezkuntza-komunitatea elikagai-xahuketaren arazoaren gainean sentsibilizatzeko eragile gisa jardutea.

-Elikagaiak elikakateko etapa guztietan aprobetxatzeko jardunbide onen inguruko prestakuntza bultzatzea.

-Sare solidarioekin elkarlanean jarduteko akordioak bideratzea eta sustatzea.

-Elikagaiak dohaintzan emateko, azkenean giza kontsumorako erabiliko ez diren elikagaiak animalia-elikadurarako erabiltzeko eta beste hainbat ekintzatarako arau garbi eta adostuak zehazten laguntzea.

-Elikagaiak aprobetxatzeko bide emango duten arau-aldaketak eta segurtasun juridikoa sustatzea.

-Elikagaiak guztiz aprobetxatzeko irtenbide berritzaileak aztertzen eta martxan jartzen laguntzea.

EUSKADIN ELIKAGAI XAHUKETARI AURRE EGITEKO EKINTZA PLANA

Utzi iruzkina