Europar Batasuneko zenbait herrialdetan histaminak eragindako intoxikazioaren ebaluazioa

Europar Batasuneko zenbait herrialdetan histaminak eragindako intoxikazioaren ebaluazioa

EFSAk (European Food Safety Authority), Europako Batzordeak eskatuta, estatu kideetako batzuetan histaminak eragindako intoxikazioarekin lotutako gorabehera guztiak ebaluatu ditu, tartean egon den elikagaia (atuna) banatzeko katearen zenbait etapatan gertatu diren eta histaminaren ondoriozko intoxikazioa eragin duten faktoreak identifikatzeko eta aztertzeko helburuz.

Datuak eta ebaluazioa

Gorabehera jakin horietan inplikatutako atunei buruzko datuak eta informazioa, haien trazabilitate osoa barne, eta datu epidemiologiko eta analitikoak, hain zuzen ere, elikagai eta pentsuetarako alerta azkarreko sisteman (RASFF) esku hartzen duten estatu kideen jakinarazpenetatik atera dira, hala histaminak atunetan eragindako kutsadurari buruzko jakinarazpenetatik nola atun-kontsumoarekin lotuta histaminak gizakietan eragindako intoxikazio-kasuei buruzko jakinarazpenetatik.

RASFFen 37 jakinarazpen horietatik, 21 aukeratu dira ebaluazio hau egiteko, haien zerikusiaren arabera, eta lau kasu desberdinetan sailkatu dira. Gainera, tartean diren estatu kideetako agintaritza nazional eskudunek EFSAri zuzenean emandako informazioa gehitu da.

Ebaluazioan, kontuan hartu dira elikakateko fase guztietan jarduten duten operadore guztiak, eta arreta berezia jarri zaio arrantza-ontzietako eta garraio-ontzietako hornikuntza-kateari eta hornitzaileen eta elaboratzaileen hornikuntza-kateari.

Ondorioak

EFSAk ondorioztatu duenez, hozte-prozesuan, biltegiratzean eta/edo prozesatzean izandako tenperatura-baldintza desegokiak izan dira atunetan histamina sorrarazi duten faktore nagusia, tenperatura baita histaminaren ekoizpenean eragiten duten faktore nagusietako bat. Bestalde, litekeena da higiene-baldintza eskasekere arrainetan bakteriozko kutsadura eragin izana eta histamina sortzen duen entzima ekoitzi izana ondoren.

Gomendioak

Ebaluazioa egin ondoren, EFSAk hau gomendatzen du:

  • Hozte-tenperatura egokiak aplikatzea arraina harrapatu ostean, eta hotz-katea mantentzea produktu horren ekoizpen- eta banaketa-kateko pauso guztietan, harrapatzen den unetik kontsumitzaileengana iristen den arte, histaminarik sor ez dadin edo histamina gutxiago sor dadin.
  • Higiene-neurri egokiak aplikatzea, arrainak harrapatu ondoren bakterioek horrenbesteko kutsadurarik eragin ez dezaten eta, hala, histamina ekoizten duen deskarboxilasa histidina enzimaren presentzia gutxitu dadin.

Iturria: EFSA (European Food Safety Authority)

Histaminari buruzko informazio gehiago

Histamina berez organismoan dugun konposatu bat da. Substantzia horrek hodiak zabaltzeko ahalmen handia du, eta erreakzio alergikoak sorraraz ditzake.

Bestalde, histamina sor daiteke bakteriek elikagai batzuen haragian duten eraginaren bitartez, batez ere arrainetan. Konposatu hori amina biogenoen multzokoa da.

Histaminaz gain, badaude beste zenbait amina biogeno ere, hala nola kadaberina, putreszina, tiramina eta triptamina.

Kontsumitzaileentzako informazioa

Elikaren informazio-fitxa, histaminari buruzkoa

Histaminari buruzko infograma

Utzi iruzkina