Zer da erreklamazio-orria? Nolakoa da? Non egoten da? Non aurkeztu behar da behin beteta?
Zer da?
Erreklamazio-orria inprimaki normalizatu bat da, kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako eskuragarri jartzen dena, erreklamatzeko daukaten eskubidea baliatzeko modua izan dezaten, eta, hartara, gutxiagotasun-, menpekotasun- edo indefentsio-egorak zuzendu daitezen. Erreklamazio-orria erabilita, kontsumo arloko gatazkak konpontzeko sistemari arrazionaltasun eta eraginkortasun handiagoa eman nahi zaio. Orri horren bidez, erreklamazioa jasota geratuko da bai establezimenduan, bai Administrazioan, eta azken horren esku-hartzea ahalbidetzen du. Establezimenduek derrigorrez izan behar dituzte orri horiek, zeinak eskuragarri izango baitituzte Kontsumobideren Lurralde Zerbitzuetan edo web orrian (online erosketa).
–Araudia: 142/2014 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Kontsumoko erreklamazio-orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedurari buruzkoa.
Nolakoa da?
3 orri kalkagarri ditu:
–Originala, kolore zurikoa, Administraziora bidaltzekoa (ez da komeni bidalketa geroratzea).
–Arrosa koloreko kopia, enpresa edo merkataritzako establezimenduarentzat.
–Berde koloreko kopia, erreklamatzailearentzat.
Azalpena inprimakian sartzen ez bada, erantsitako beste orri batzuetan jarrai dezakezu azalpenak ematen.
Establezimenduak edo enpresak egoki iritzitako alegazioak egin ditzake horretarako ezarrita dagoen lekuan, eta hor jarriko ditu berari buruzko datuak eta sinadura.
Non eskura dezakezu?
Gatazka gertatu den establezimenduan bertan. Euskadin ondasunak komertzializatzen edo zerbitzuak ematen dituzten enpresek, merkataritzako establezimenduek, profesionalek… (baita etxez etxeko zerbitzua ematen dutenek ere) erreklamazio-orriak izan behar dituzte kontsumitzaile eta erabiltzaileentzat.
Halakorik ez badute edo halakoak ematea ukatzen badute, gertaera horri buruzko salaketa edo erreklamazio bat aurkez dezakezu.
Non aurkeztu behar duzu?
Erreklamazio-orria establezimenduan betetzen baduzu, arrosa koloreko kopia utzi behar duzu. Originalaren orri zuria (edo, hala badagokio, erreklamazio-idazkia) postaz entregatu edo bidali behar duzu, gainerako dokumentazioarekin batera, honako erakunde hauetako batera:
-Kontsumobideren lurralde-zerbitzuetara (dagokiona): Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa.
-Zure bizilekuari dagokion Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegora (KIUB).
Gogoan izan beharrekoa: dokumentuak postaz bidaltzen badituzu eta destinora iritsi direla ziurtatu nahi baduzu, bidalketa gutun ziurtatu baten bidez egitea gomendatzen da.