Endesako mantenimendu zerbitzuak galdara baten ur beroa ezin konpondu bost saialditan

EKA/ACUVeko bazkide batek Endesa Energía, S.A. enpresarekin gas-horniketa eta instalazioaren mantenimendu zerbitzua kontratatuak zituen. Iazko ekainaren erdian ur beroa ez zebilen eta zerbitzu horri deitu zion. Ekainaren 23, uztailaren 15, uztailaren 28, irailaren 16 eta irailaren 24. Horiek dira zerbitzu horrek gure bazkidearen etxera egin zituen bost bisiten datak, zeinetan pieza batzuk aztertu eta aldatu zituen (kanilen iragazkiak, ur-sentsorea, txorrota termostatikoak…), bezeroari orotara 275,5 euro kobratuta eta… ur beroa konpontzea lortu gabe! Izugarria ere bai une hartan Endesak gure bazkideari eskaintzen dion “konponbide” bakarra: galdararen txartela aldatzea (300 bat euro kostatzen duena) edo galdara osoa aldatzea.

Endesaren gaitasun eza itzelaz nazkatuta, kontsumitzaile honek galdararen marka den Fagorreko zerbitzu teknikora deitu zuen eta 26,14 euro balio duen galdararen pieza arrunt bat aldatuta, urriaren 26an, txorrotei eta dutxari berriro ur beroa darie. Bost saialditan Endesak konpondu ezin izan duena unetxo bakar batean konpondu du Fagorreko teknikoak, zeinek 95,15 euro kobratzen dio bezeroari (aldatutako pieza gehi ateraldia eta eskulana).

Segituan, EKA/ACUVeko bazkideak Endesari erreklamatzen dio haren bost “konponketengatik” ordaindu zuen diruaren itzulpena eta Fagorri ordaindutakoarena ere bai: 370,90 euro guztira. Gezurra badirudi ere, Endesa Energía, S.A.k uko egiten dio eskaerari. Gure elkartearen laguntzaz kontsumitzaile honek Endesari luzatzen dion bigarren erreklamazioak erantzun berbera jasotzen du. Ezetz. Hirugarren erreklamazio bat izan zen beharrezkoa (Endesaren Bezeroaren Defendatzaileari zuzenduta) enpresak behingoz amore emateko eta eskatutako dirua itzultzeko bezeroari (nork berehala “mantenimendu zerbitzu” horretan baja hartu zuen).

Eta pozik gera zitekeen Endesa. Askoz garestiagoa aterako litzaiokeen auzia gure bazkideak kalte-ordainezko eskaera judiziala aurkeztu izan balu Endesaren mantenimendu zerbitzu gauzaezaren erruz lau hilabete luze ur berorik gabe egoteagatik eta alferrikako bost bisita jaso eta ordaindu ere behar izateagatik.

EKA/ACUVek gas hornitzaileekin mantenimendu zerbitzuak ez kontratatzea aholkatzen du. Garestiak dira eta orokorrean nahiko eskasak. Hobe da galdararen markako zerbitzu teknikoekin mantenimendua kontratatzea, edo haiei deitzea matxura bat gertatzen denean.

Utzi iruzkina