DONOSTIAKO EPAITEGI BATEK AUTO AKASTUN BATEN KONPONKETA EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI ORDAINTZERA BEHARTU DU KONTZESIONARIO BAT

2017ko uztailean EKA/ACUV-eko L.C.C. bazkide donostiarrak 16.900 euroren truke bigarren eskuko Mercedes E-220-CDI auto bat erosi zuen Guadalajarako Santogal Motor kontzesionarioan. Erosi berriko kotxean Donostiara zetorrela bibrazio arraroa nabaritu zuen.

Urrian Donostiako Mercedeseko Goikoauto tailerrera eraman zuen kotxea eta bertan esan zioten motorraren euskarri metalikoak apurtuta zeudela eta hori soilik gerta daitekeela autoak istripu bat izan badu, astinaldi bortitz bat jasan badu. Euskarriak konpondu zituzten eta konponketaren prezioa, 920 euro, Guadalajarako kontzesionarioari erreklama ziezaiola aholkatu zioten, saltzaileari alegia. Eta hori egin zuen L.C.C.-k bere aseguruarekin egiaztatuta ez ziola matxura estaliko istripurik egon ez zelako, salerosketaren unean kotxeak zeukan “bizio ezkutu” bat zelakoan eta polizaren estalduratik kanpo zegoela hura.

Gure bazkidearen hainbat kexei erantzun iheskorrak eman ondoren, amaieran Santogal Motorrak konponketaren prezioa ez ziola ordainduko esan zion L.C.C.-ri, matxurak berak jasandako ezbehar baten ondorioa izan behar zuela argudiatuz. Baina… ez. Geroago agerian geratuko zen kotxeak (gogora dezagun bigarren eskukoa zela) aurreko jabearekin istripu bat pairatu zuela.

Erosketatik jada ia urtebete igarota, L.C.C. EKA/ACUV-eko Donostiako bulegora hurbildu zen eta hemendik erreklamazio berri bat helarazi zion Guadalajarako Santogal Motor kontzesionarioari; erantzun bera jasoz: ezetz. Nora jo orduan? Justiziara, Donostiako Lehen Instantziako 7. Epaitegira zehazki, konponketagatik ordaindutako 902 euroak Santogal Motorrek ordain ziezazkiola eskatzeko.

Eskaera judizialaren berri izatean, Santogal Motorrek bere burua defendatzeari uko egin zion eta eskatutakoa onartu zuen. Beraz, epaitegiak, urriaren 19an emandako epaian, 920 euroak gure bazkideari ordaintzeko agindu zion Guadalakarako kontzesionarioari, eta epaiketaren kostua ordaintzeko ere bai. Bigarrena gertatu ohi da, hasieratik arrazoia argi eta garbi auzijartzailearen alde egonda, demandatuak aurretik jaso dituen judizioz kanpoko erreklamazioei jaramonik egin ez dienean, erreklamatzailea epaitegietara joatera behartuz. “Demandatuak ausarkeriaz jokatu du” esan ohi dute epaitegiek honelakoetan.

Utzi iruzkina