BBVA-K SEI URTETAN “ZENBAKI GORRIENGATIKO” KOMISIOETAN KOBRATUTAKO 660 EUROAK ITZULI DIZKIO EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI

Bankuko bezero batek mailegu baten epe bat ordaintzen ez duenean, edo berandu ordaintzen duenean, edo bere kontu korrontea “zenbaki gorritan” sartzen denean, atzerapen-korrituez gain, banketxe gehienek automatikoki “zordun jarrera erreklamatzeagatiko” komisioa kobratzen diote, batez beste 30 eurokoa den komisioa bankuak bezeroari dirua zor duela esate hutsagatik. Badira hilabetero edo ia hilabete guztietan komisio hori ordaindu behar izaten duten herritarrak, atzerapen egun batzuez kobratzen dutelako hileko soldata eta horregatik haien kontua egun batzuk zenbaki gorritan egoten delako edo, adibidez, hipotekaren hileko epea behar baino egun batzuk geroago ordaintzen dutelako.

Azken bi urteetan EKA/ACUV-ek Kutxabanken eta Abancaren aurkako epai judizialak lortu ditu, lehen eta bigarren instantzian Araban, entitate horiei aipatu komisioa kobratzeari uzteko agintzen dieten epaiak hain zuzen ere komisioa justifikaziorik gabea eta gehiegizkoa dela ebatzita. Banku horiek Auzitegi Gorenean helegite bana aurkeztu dute eta komisioa kobratzen jarraitzen dute, gainerako ia finantza-erakunde guztiek bezala.

Kutxabanken eta Abancaren errekurtsoak izapidera onartuko balitu Auzitegi Gorenak aipatu epaiak berretsiko lituzkeela ziurtzat jota, EKA/ACUV-ek horrelako komisioak ordaindu dituzten bere bazkideei eta herritar guztiei bankuei haien itzulpena eskatzera animatzen ditu, epaiz kanpoko eran lehen (entitatearen bezeroaren defendatzailearengana zuzenduz) eta, bide horrek emaitzarik ematen ez badu (eta hori da tamalez gehienetan gertatzen dena), eskaera judizial baten bidez.

Jarraian laburki azaltzen dugun kasua “Arrakasta Kasuen” atal honetan sartu dugu erantzun positiboa jaso duen epaiz kanpoko erreklamazio bat delako, eta hori albiste da, berri on-ona. Bere protagonistak EKA/ACUV-eko J.M.O.F. bazkidea eta BBVA dira, hipoteka-maileguaren kontratu batek loturik daudenak. EKA/ACUV-eko Donostiako bulegoaren aholkularitza eta laguntzarekin, gure bazkideak azken sei urteetan BBVA-k kobratu dizkion “zordun jarrera erreklamatzeagatiko” komisioen itzulpena eskatu dio entitateari eta BBVA Taldeko Bezeroen Denfendatzaileak, harrigarriki (ohikoena baita bankuek honelako erreklamazioak ukatzea), onartu egin du, baiezkoa eman eta segituan erreklamatutako 660 euroak itzuli egin dizkio bezeroari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude