Ate akastun baten erosketa eta instalazio kontratuaren deuseztapena

2015ko udan, EKA/ACUVeko M.J. bazkideak bere etxebizitza familiabakarrerako ate nagusi baten erosketa eta instalazioa kontratatu zituen A.M. Taller de Mueble Rústico enpresarekin. Guztira ziren 2.173 euroetatik 1.087 euroren aurrerakina ordainduta, aipatu enpresak atea eraman eta jarri egin zuen, baina akats galantak zituen harek: zurak mailatu nabariak zeuzkan eta kristala apurtuta zegoen.

M.J.-k berehala eskatu zion A.M. Taller de Mueble Rústico enpresari atea behar bezala utz zezala eta dei batzuren ondoren enpresako langile bat bertaratu zen eta ukitu batzuk eman zizkion ateari. Alferrik ordea, zegoen bezain gaizki utzi baitzuen. 2015ko azaroa aurrera zihoan eta gure bazkideak Vitoria-Gasteizeko Udalako Kontsumoko Departamentura jo zuen, zeinek ikuskatzaile bat bidali zuen, ateak zeuzkan akats larriak baieztatu zituen eta oharpen batzuk bidali zizkion enpresari hura konpon zezan.

Baina hilabeteak pasa ziren enpresaren aldetik erantzunik gabe. Urte honetako ekaina zen M.J. EKA/ACUVera etorri zenean laguntza eske. Elkarte honek beste erreklamazio bat bidali zion A.M. Taller de Mueble Rústico enpresari kontratuaren deuseztapena eskatuz eta hura ez egitekotan segituan eskaera judizial bat jarriko zitzaiola ohartuz. Kontratuaren deuseztapena kontsumitzaileen eskubide bat da: erositako produktua kontratuan zehaztutakoarekin bat ez datorrenean edo bere funtzioa behar bezala egitea galarazten dion oinarrizko akats bat daukanean, kontratua desegin daiteke eta aldeek elkarri itzuli behar dizkiete kontratuaren bidez emandakoak, normalean dirua batek eta produktua besteak.

Eta hala gertatu zen amaieran kasu honetan: A.M. Taller de Mueble Rústicok jasotako 1.087 euroak itzuli zizkion M.J.-ri eta beste enpresa batek ate akastuna kendu eta gure bazkideak erosi zion ate berria jarri zuen.

Utzi iruzkina