Alergenoak ontziratu gabeko elikagaietan

Alergenoak ontziratu gabeko elikagaietan

Ontziratu gabeko elikagaiak ontzirik gabe ematen zaizkio azken kontsumitzaileari, zuzenean saltzeko edo berehala kontsumitzeko.

Ontziratu gabeko elikagaiak

Elikagai horien artean daude:

-Azken kontsumitzaileak hala eskatuta erostean ontziratzen diren produktuak.

-Tabernetan, kafetegietan eta jatetxeetan zerbitzatzen diren elikagaiak.

-Kolektibitateei ontziratu gabe hornitzen zaizkien elikagaiak.

-Azken kontsumitzaileari ontziratu gabe saltzen zaizkionak.

Etiketa jartzeari buruzko araudi berria                                

2014ko abendutik, etiketak jartzeari buruzko araudi berria ezartzen da; horren arabera, elikagai-enpresa guztiek nahitaezkoa dute saltzen edo hornitzen dituzten elikagaietan erabilitako osagai alergenikoei buruzko informazioa ematea. Betebehar hori dute, halaber, ontziratu gabeko elikagaiak saltzen dituzten establezimenduek (supermerkatuek, jatetxeek…), eramateko jakiak saltzen dituztenek…

Enpresek nola eman behar dute alergenoei buruzko informazioa?

Informazioa produktua erosi aurretik erraz eskuratzeko moduan egongo da, eta ez du kostu gehigarririk ekarriko. Kontsumitzaileei informazioa emateko hainbat era daude:

Idatziz:

-Elikagaietatik gertu kartelak jarrita.

-Menuen kartetan, pintxoen karteltxoetan eta abarretan idatzita.

-Alergenoei buruzko informazioa dagoen lekua adierazita, esate baterako:

-Produktuen fitxak.

-Errezetak.

-Osagai baten etiketa.

Ahoz edo langile espezifikoen bidez:

-Oso ondo informatutako langileen bidez.

-Informazioa lortzeko saltzailearengana jo dezakeela adierazten duen kartela jarrita.

-Dokumentazio idatziaren bidez lagunduta.

Utzi iruzkina