Hipotekako kuota ordaindu gabeen erreklamazio bakoitzeko 35 euro kobratzeagatik Kontsumobidek aurrezki-kutxa bati ezarritako zehapena berretsi egin du Justizia Auzitegi Nagusiak

2017-02-13an Kontsumobidek argitaratutako albistea

Kontsumoko Euskal Institutuak 30.000 euroko isuna ezarri zion entitateari, posizio zordunengatiko komisioa abusuzko klausula dela iritzita.

Hipoteka-maileguen kontratuetan posizio zordunengatiko komisioa delakoa sartzeagatik Kontsumobidek aurrezki-kutxa bati ezarri zion zehapena berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Klausula horren babesean entitateak 35 euro kobratzen zizkion bezeroari, hipotekako kuota bat ordaintzen ez zuen bakoitzean.

Kontsumoko Euskal Institutuak zehapen-espedientea egin zion finantza-entitateari, baldintza orokorren barruan ezarritako klausulahorri abusuzkoa iritzita. Azkenik erakunde autonomoak 30.000 euroko isuna ezarri zion, kontsumoaren arloko arau-hauste larria egiteagatik. Aurrezki-kutxak zehapenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ezetsi egin zioten, eta berriro aurkaratu zuen ebazpen judiziala, oraingoan Justizia Auzitegi Nagusian. Azken horrek ere Kontsumobideri eman dio arrazoia.

Klausula horrek kontsumitzaileei komisio bat ezartzen zien, “ordaindu gabekoen erreklamazioa kudeatzeko 35 euroko komisioa, kontratuan itunduta dagoen eta mugaegunera iritsitakoan ordaindu gabe geratzen den kuota bakoitzeko; idatzizko lehenengo erreklamazioa sortzen den unean ordaindu behar da komisio hori”. Komisioaren zenbatekoa “argi eta garbi, proportziorik gabekoa” da, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 573/2016 epaiaren arabera. Izan ere, zenbateko finkoa da, ordaindu gabeko diru kopurua edozein izanda ere, eta ematen ez den zerbitzu batengatik erreklamatzen da, ordenagailuz egindako gutun bat bidaltze hutsak ez baitu hura justifikatzen. Batez ere, 35 euro horiez gainera bezeroak berandutze-interesak ere ordaindu behar dituela kontuan hartuta. Egoera horrek alderdien “eskubideen eta betebeharren arteko desoreka nabarmena” eragiten du eta, beraz, abusuzko klausulatzat jo daiteke.

Ebazpen judizial gehiago kontsulta ditzakezu Araudia eta epaiak arloan.

caixabank-web-2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude