MOZORROAK, ILEORDEAK, MASKARAK, MAKILLAJEA… IHAUTERIETAKO ARTIKULUEN SEGURTASUNA ZAINTZEA KOMENI DA

Dendetan salgai dauden mozorro, maskara eta ileordeen artean badira kalitate eta segurtasunari buruzko arau legalak urratzen dituztenak eta beraz potentzialki arriskutsuak direnak. Produktu hauek erosteko eta erabiltzeko orduan kontuan hartzeko aholku batzuk eskaintzen ditu EKA-ACUV-ek.

Erabiltzaileen osasunerako arriskutsuak izateagatik debekatutako eta merkatutik kendutako produktuetatik zati handi bat jostailuak, jantziak eta umeentzako artikuluak dira; eta Ihauterietako produktu asko ere bai: mozorroak, maskarak, ileordeak… Debekatzeko arrazoiak: sukoitasunari buruzko arauak urratzen dituzte eta haien erabiltzaileak erredurak pairatzeko arriskuan daude, sudur edota ahoarentzako zulo txikiegiak dituzte eta itodura eragin dezakete, azalean alergia erreakzioak sortu ditzaketen osagai pozoitsuak dituzte…

Artikulu hauek erosi eta erabiltzeko orduan kontuan hartzeko aholkuak

-14 urtetik beherakoentzako mozorroak jostailuak dira eta haien etiketetan honako datuak azaldu behar dira: produktuaren izena eta marka; ekoizle, inportatzaile edo banatzailearen identifikazio datuak; argibideak eta erabilpen oharrak; eta CE zigilu-marka.

-Mozorro guztiak osagai erregaitzekin eginak izan behar dira. Umeentzakoek ez dute lepo edo idun aldean soka edo kordelik eduki behar.

-Helduentzako mozorroek arropa normalak duen etiketatze berbera azaldu behar dute.

-Maskarek zulo nahikoak izan behar dituzte sudurra, ahoa zein begientzat.

-Ileordetako etiketetan ere begiratu behar dugu ea gai suharberak edo oso errekoiak dituzten.

-Makillajearekin suerta litezkeen alergiak ekiditeko, erosi eta erabili aurretik iraungitasun epea eta osagaiak irakurri behar ditugu etiketetan.

-Mozorroa jantzita dugula, erredurak sahiesteko (ez ahaztu mozorro asko oso sukoiak direla) su edo bero handiko iturrietatik babestu behar gara: berogailuak, pizkailuak, zigarroak, suziriak, su apainak…

-kontsumoko edozein produkturekin bezala, tiketa edo faktura eskatu eta gorde behar dugu erreklamazio bat egin behar izatekotan ezinbestekoa delako.

ALERTA DUTEN PRODUKTUAK: http://www.kontsumobide.euskadi.eus/orri-generikoa/-/informazioa/alerta-duten-produktuak/

Utzi iruzkina