EKA/ACUV-K ESKU HARTU ONDOREN, BAZKIDE BATEK LINEA DIRECTA-REKIN INTZIDENTZIA BIZKORTU TA KOBRATZEA LORTU DU

Gure bazkidea den M.L.T.M.-k Linea Directa konpainiarekin zeukan etxeko asegurua kontratatuta. Ezbehar bat jasan eta ostean, konpainiak ez zuen behar bezala erantzun:

    1. 2018ko urrian urak eragindako eta indarrean zegoen polizaren estaldura zuen ezbeharra komunikatu zuen. Egun batzuk igaro ondoren, gremio zehatz horretako beharginak aurkeztu ziren bere etxean. Arazoaren jatorria eta kalteen neurria ondo ikusi ahal izateko, komuna altxatu zioten langileek. Horren ondoren lanak bi hilabetez guztiz geldirik egon ziren; aseguru-etxeko peritua ere ez zen bertatik pasatu kalteen balorazioa egiten.

    2. Urtarrilean, EKA/ACUVeko Departamentu Juridikoaren bitartez erreklamazioa tramitatu ondoren, aseguru konpainiak tramitazioa azkartu eta gremioak bidali zituen bere etxera. Bainuontziko balbula aldatuz konpondu zuten arazoa eta oraingoan ere obra bukatu gabe geratu zen, baina oraingoan gure bazkidearen onespenaz, izan ere, berriztatze lan txiki bat egiteko asmoa zuen komunean. Hala ere, aseguru konpainiak, kalteordaina ordaintzeko asmoz, zuzeneko kalteak eta kalte estetikoak baloratzeko konpromezua hartu zuen, baita auzokide bati eragindako kalteak konpontzeko konpromezua ere.

    3. Egun batzuetan konpainiaren notiziarik izan gabe, ezbeharraren kudeaketan berriz atzeratuz, ezbeharrak bere polizan estaldurarik ez duela jakinarazi zion aseguru-etxeak gure bazkideari, bainuontziak agertzen zuen korrosioa argudiatuz. Honek ez du inolako fundamenturik, izan ere bainuontzia normaltasunez izan zen erabilia konponketa egin eta hurrengo egunetik auzokoari inolako hezetasunik eragin gabe. Azken honi ere ez zizkioten oraindik kalteak konpondu.

Guzti horrek ezbeharraren kudeaketan bidegabeko atzerapena eragin zuen.

Gainera, data horretan poliza edota kontratu asegurua berritzea tokatzen zitzaion, hori bai, prezioa igoz eta prezio igoera hori Aseguru Entitateen ordenazio, ikuskapen eta fidagarritasunari buruzko 20/2015 legearen bitartez aldatua izan den 50/1980 Aseguru Kontratuaren Legean ezarritako epe barruan aseguratuari jakinarazi gabe.

Gure departamentu juridikotik erreklamazio berri bat aurkeztu zen Linea Directa konpainiaren bezeroarentzako arreta zerbitzuan, honakoa eskatuz:

      1. Konponketa lanekin jarraitzeko oniritzia ematea, auzokideari eragindako kalteak berehala konponduz.

      2. Kontratatutako poliza kontutan hartzea, izan ere, horrek 600 euroko kalteordaina aurreikusten zuen kalte estetikoei aurre egiteko.

      3. Poliza berritzeagatik ordaindutako 232 euroak itzultzea prezio igoeraz forma eta epe barruan erreklamaziogilea era egokian ez informatzeagatik.

      4. Azkenik, bazkideak konpainiara egindako dei mordoagatik gastatutako 277,09 euroak ordaintzea.

Apirilean erreklamazioa ebatzi eta 799,88€ ordaindu zizkion aseguru-etxeak gure bazkideari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude