Signo editoresekiko kontratu baten deuseztapena

Apirilaren 8an “Signo Editores, agresibitate komertziala etxez etxe” izenburuko prentsa-ohar bat argitaratu genuen, non, bestek beste, EKA/ACUVeko abokatuek eta Enkarterrietako KIUBak kontsumitzaile batzuek (gehienak, adineko jendea) etxez etxeko salmenta oso agresiboa egiten duen enpresa horrekin sinatutako kontratuak atzera botatzea lortu dutela azaltzen genuen. Jarraian kasu horietako bat kontatzen da.

Signo Editores, J.M. S.L. enpresako komertzialek haren etxean izanda, Galdakaoko herritar batek 3.061,50 euroko kontratu bat sinatu zuen hauxe erosteko: Mortadeloren 10 tebeo, Sansung Galaxy tablet bat, Ifit markako “pedaleador” bat, HP markako ordenagailu eramangarri bat eta Splendor markako hiru bururdi. Komertzialek hala proposatuta, sinaduraren unean 106 euro ordaindu zuen erosleak eta BBVA taldeko Uno-e bankuarekin gainontzeko kopuruagatiko mailegu bat izenpetu zuen: 2.955,50 euro, Signo Editoresi ordaintzekoak 77,78 euroko 38 hileko ordainketa/kuotatan.

Erositako guztia bere etxera heldutakoan, galdakoztarra egindakoaz damutzen da, “renuncia total del pedido” delakoa eskatzen du eta ezinezkoa dela erantzuten diote. Signo Editoreseko “kudeatzaile” batekin hitz egitea lortzen du eta harek bere etxera bertaratuko dela agintzen dio “konponbide bat bilatzeko”. Baina ez zen joan. Artean “atzera egiteko eskubidea” gauzatzeko 14 egun naturaleko epearen barruan, bezeroak telefonoz deitzen du Signo Editores enpresara kontratua atzera botatzeko eskatzeko, eta bere etxetik produktuak eramateko eta eskudirutan ordaindutako 106 euroak itzultzeko. Baina Signo Editoresek ez du telefonoa hartzen. Orduan, hartu/jaso izanaren adierazpeneko burofax bat bidali zuen enpresara (“atzera egiteko eskubidea” erabiltzeko biderik seguruena dena) haren eskaera helarazteko.

Apur bat beranduago ea 3.000 euroko mailegua eman dion bankura zuzentzen da hura kantzelatzeko eskatuz, Signo Editoresekiko kontratua atzera bota duelako esanaz, eta Uno-ek mailegua dagoeneko baliogabetuta dagoela baieztatzen dio enpresak kontratuaren bertan behera uztea komunikatu diolako. Signo Editoresek aurreratutako 106 euroak itzultzen dizkio eta tebeoak, tableta, ordenagailua, “pedaleadorea” eta bururdiak eramaten ditu bere etxetik. Eta akabo kontua.

Kontsumitzaile hau bizkor ibili zen eta Signo Editores enpresarekiko kontratua deusestatzeko beharrezko pausuak ondo eman zituen. Enpresa horrekin kontratua eginda damutu diren beste kontsumitzaile asko ez dira horren arretatsu izan (orokorrean, atzera egiteko eskubidea zutela ez zekitelako) eta haien kontratuak deuseztatzeko duten aukera bakarra enpresaren aurkako eskaera judiziala aurkeztea da, beti ere komertzialen presio eta maulengatik sinatu zutela frogatzea lortzen badute.

Utzi iruzkina