Saihestu nahi ez duzun publizitatea eta definitu zure interesak

Ziur asko Robinson zerrendari buruz hitz egiten entzun duzula. Baimenik eman ez zaien enpresen publizitatea erraz eta doan saihesteko aukera ematen digun zerbitzua da. Berorren ezaugarriak zehaztuko ditugu hurrengo lerroetan, interesa izatekotan izena eman dezazun:

Sarbidea eta erabilera oso sinpleak dira. Inskripzioa egiterakoan, publizitatea zer bitartekoren bidez jaso nahi ez duzun adierazi behar duzu soilik: telefonoa, posta elektronikoa, posta arrunta edo SMS/MMS (irudiekin uztartutako multimedia mezuak). Esan bezala, zuk baimendutako enpresak jarri ahalko dira zurekin harremanetan. Edozein unetan ezezta daiteke onespena. Kontuan izan nahitaezkoa dela erakundeek zerrenda kontsultatzea dei komertziala edo publizitate-bidalketa egin aurretik.

Edozein pertsonak eman dezake izena bere borondatez. 14 urtetik beherakoen kasuan, legezko tutoreek egin beharko dute. Azkar eta erraz eman dezakezu izena. “Apúntate en la lista” botoian klik eginda bete jarraibideak. Formularioa osatu ostean, mezu elektroniko bat jasoko duzu zure erregistroa egiaztatzeko, eta, esteka klikatuta, informaziorik jaso nahi ez duzun kanalak hautatu, oinarrizko datuak aldatu edo zerrenda horretako baja izapidetzeko parada izango duzu.

Hala ere, inskripzioak bi hilabete eman dezake erabat eraginkor bihurtzeko, gerta baitaiteke datuak merkataritza-kanpaina baterako erabiltzen ari izatea. Datuen tratamenduaren arduraduna Adigital da (Espainiako Ekonomia Digitalaren Elkartea). Horrek kudeatzen du zerbitzua hain zuzen, Espainiako agintaritza gorenaren ikuskaritzapean (Datuak Babesteko Espainiako Agentzia). Izan ere, erakunderen bati baimena ukatu eta bi hilabetera horren mezuak jasotzen baditugu, aipatu agentziara jo beharko genuke dagokion erreklamazioa aurkezteko.

Eman izena eta izan zaitez zure interes komertzialen jabe. Milioi eta erdi pertsona baino gehiagok egin dute jada.

https://www.listarobinson.es/register-consumer

Utzi iruzkina