PRODUKTUEN BERMEEN, MATXUREN ETA KONPONKETEN INGURUKO KONTSULTA

Estreinatu eta 10 egunera, bideo kontsolaren beheko pantailak utzi egin zion funtzionatzeari. Dendara joan eta esan zidaten zerbitzu teknikoarekin harremanetan jartzeko; egin nuen, eta jakinarazi zidaten oinarrizko plaka busti egin zela eta ez zegoela konpontzerik. Zenbait aukera eskaini zizkidaten: plaka birziklatu bat bidaliko zidatela 99 euro ordainduta; jatorrizkoa berreskuratuko zutela baina bidalketa gastuak nik ordainduta; edo haiek hartuko zutela eurentzat. Erantzun diet ez nagoela ados, makina ez delako ezein likidotan sartu eta izan daitekeela fabrikatik gaizki etorri izana. Zer egin dezaket?

Kontsumo ondasunek berme bat izan behar dute nahitaez, eta egun bi urtekoa ezartzen du legeak. Bermeei buruzko Legeak esaten du produktu bat ekarri eta lehenbiziko sei hilabeteetan sortzen diren akatsak edo matxurak jatorrizko hutsegitetzat hartzekoak direla. Epe horretan, saltzaileari dagokio kontrakoa frogatzea, hau da, kontsumitzaileak gaizki erabiltzeagatik sortu dela arazoa. Zerbitzu teknikoak eman dizun erantzuna (oinarrizko plaka busti egin dela) ez badator txosten tekniko zehatz batekin, non egiaz frogatzen den kontsola gaizki erabili duzula haiek dioten bezala, eska ezazu txosten hori idatziz. Bidaltzen badizute, joan zaitez kontsumitzaileen elkarte batera edo kontsumitzaileari erantzuteko udal bulego batera, haiek esan dezaten onargarria den edo ez. Onargarria bada, eskaini dizuten hiru aukeretako bat hartu beharko duzu. Ez bada (edo txostena bidaltzen ez badizute), eska iezaiezu kontsola doan konpon diezazutela. Eta egiten ez badute, eraman ezazu erreklamazioa Kontsumoko Arbitrajera (saltzailea atxikia badago) edo jar ezazu salaketa bat epaitegian. Eskatzen den kalte-ordaina 2.000 eurotik beherakoa denean, doakoak izaten dira salaketak.

Testua: Consumer / Irudia: Pixabay

Utzi iruzkina