PRODUKTU FALTSUTUAK: BURUHAUSTEA MARKA EZAGUNENTZAT, AMESGAIZTOA KONTSUMITZAILEENTZAT

EKA/ACUV-ek egindako erreportajea Consumer aldizkarian (2018 abendua), 66, 67, 68 eta 69 orrialdeetan.

PDF Consumer 2018 abendua

Futboleko idoloaren kamiseta. Milango poltsa. Suitzar ordularia. Kirolerako objektuak, arropa, oinetakoak, eguzki betaurrekoak, lurrinak, mugikorrak, edariak, sendagaiak, jostailuak… Produktuak faltsutzea oso tentagarria da, baina jarduera horrek galera handiak eragiten dizkie markei eta herrialdeei.

Bezero multzo handia izaten dute, gehienak erosteko ahalmen txikiko jendea, batzuetan jabetzen dena eta besteetan ez imitaziozko gauzak erosten ari dela, eta ohartzen ez dena, nonbait, horietako batzuk arriskutsuak izan daitezkeela osasunerako, adibidez lurrinak eta kosmetikoak. Horretaz gain, gehienek ez dute jakingo jokabide horrek ia erabat desagerrarazten dituela kontsumitzaileen oinarrizko eskubideak eta erreklamazioak egiteko berme eta aukerak (ikusi besterik ez dago non eta nola saltzen diren produktu horiek). Eguberriak ate joka ditugu, eta hiri nagusietako kaleak jendez gainezka daude opariak erosteko garai honetan. Udan bezala, urte sasoi honetan ere goia jotzen du produktu faltsutuen salerosketak: marka ospetsuen imitazioak izaten dira, eta prezio “herrikoia” izaten dute. Polizia ere inoiz baino lanpetuagoa ibiltzen da garai honetan, produktuak konfiskatzen eta jendea atxilotzen top mantan, azoketan, bazarretan, eskrupulu gutxiko dendetan eta kaleko edo Internet bidezko salmentarako banaketa egiten duten biltegietan. Joan den udan bereziki oparoa izan da produktu faltsuen “ehizaldia”.

2018ko uztailaren hasieran, pilak faltsutzen zituzten bi lantegi desegin zituen Guardia Zibilak Valentzian; milioi bat ale baino gehiago zeuzkaten stockean, eta bi milioi etiketa eta bilgarri arlo horretako marken logotipoarekin. Langileak baldintza penagarrietan ari ziren lanean, kalitate kontrolik ez zegoen, eta, ondorioz, pila horiek arriskutsuak gerta zitezkeen gailu eta pertsonentzat. Iruñeko sanferminetan, berriz, jabetza industrialaren eta intelektualaren aurkako delituetan espezializatua zegoen talde bat atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Hiru tona oinetako eta arropa zeuzkaten, kirol arlokoak eta bestelakoak; lehen mailako marken ikurrak zeramatzaten, eta bi milioi euroko balioa izango zuten. Baina beti ez dira izaten egunero samar erabiltzeko produktuak. Uztail bukaeran, Ribera de Duero izeneko ardoak saltzen zituen talde bat desegin zuten: 20 euro balio zuten botilak 1.900 euroan saltzen ari ziren. Goi mailako ardoak balira bezala eskaintzen zituzten (Flor de Pingus, Vega Sicilia Único eta Vega Sicilia Quinta Valbuena), Interneten, enkanteak egiteko atarietan, eta baita izen handiko jatetxeetan ere.

Markarik ospetsuenak, denen jopuntuan

Poliziak egiten dituen operazio horietako asko markek eurek jarritako salaketen ondorio izaten dira. Hori gertatu zen, adibidez, 2018ko abuztu bukaeran Benidormeko saltoki handi batean (Alacant), non bostehun poltsa, diru zorro, txano, zintzilikario, belarritako eta ordulari konfiskatu zituzten bost dendatan, marka ezagunetakoak guztiak. Suitzako Ordulari Industriaren Federazioa izan zen salaketa jarri zuenetako bat. Michael Kors arropa eta osagarri markak ere antzeko salaketa jarri zuen, eta horren ondorioz, 5.000 salgai antzeman zituzten irail hasieran La Junqueran (Girona). Baziren arropak, oinetakoak eta poltsak. Palman, berriz, banaketa zentro bat desegin zuten gisa horretako salaketa baten ondotik, uda bukaeran hori ere, eta 8.300 salgai kendu zituzten, luxuzko marken izenekin: Adidas, Louis Vuitton, Gucci, Hugo Boss eta Armani, besteak beste. Kalean salduta, bi milioi euro bilduko zituzketen. Urteko beste sasoi batzuetan ere egiten dituzte polizia operazio horiek, eta egoera baten isla baino ez dira: marketinak irrika sortzen du marka ospetsuak eskuratu, erabili eta erakusteko, baina horien prezioak ez daude edozeinen eskura; ondorioz, batzuek ixkin egiten diote legeari eta produktu faltsutuak ekoizten, garraiatzen eta saltzen dituzte, eta beti izango dute nork erosia, batzuek zer erosten ari diren ez dakitelako, eta besteek horien “beharra” dutelako. Eta egoerak, gainera, ez du aldatzeko itxura handirik. Guztiz bestela: salgai faltsuen merkatua handitzen ari da eta zifra harrigarriak eskuratzen.

Europako Batasunean urtero 60.000 milioi euro galtzen dira 13 sektoretan

Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoak (EUIPO) ikerketa bat egin du azken bost urteetan Europako Batasun guztian, pirateriak gehien zigortzen dituen hamahiru sektoreen inguruan: kirolerako gauzak; bateriak eta pilak; edari destilatuak eta ardoak; poltsak eta ekipajeak; kosmetikoak, lurrinak eta higiene pertsonalerako gauzak; bitxiak eta ordulariak; jostailuak eta jokoak; musika; pneumatikoak; pestizidak; produktu farmazeutikoak; arropa; eta telefono mugikorrak. 2018ko ekainean aurkeztu zituen ikerketaren emaitzak EUIPOk, eta ondorioztatu duenez, sektore horietan, produktu faltsutuek salmenten %7,5 kentzen diote legezko merkatuari, eta 434.000 lanpostu desegiten dituzte; diru galerak, berriz, 60.000 milioi eurokoak dira urtean EB-n (zergetan ordaintzen ez dena, kotizatu gabe gelditzen dena eta beste sarrera batzuk galtzeak dakarrena).

Mundu osoa kontuan hartuta, galera horiek urtean 250.000 milioi dolarrekoak izango lirateke, halaxe dio Interpolek. Espainian, hamahiru sektore horiek bere salmenten %9,3 galtzen dituzte urtero: 6.200 milioi euro. Lurrinen eta kosmetikoen sailean, %16,2koa da zifra -Europako batez bestekoa halako bi-, datu hori eman du Stanpa erakundeak: arlo horrek EB-n galtzen dituen 5.828 milioi eurotatik, 933 dagozkio Espainiari. Kiroletako gauzen pirateriak ere bikoiztu egiten du euroguneko batez bestekoa, non industria horrek 43.000 langile dituen 4.271 enpresatan, eta urtean 7.500 milioi euro galtzen dituen salgai jakin batzuekin bakarrik (baloiak, eskiak eta osagarriak).

Ez da gauza bera saltzea edo erostea

Produktu faltsutuek eragiten dituzten kalte ekonomikoak eta sozialak hain agerikoak eta handiak izanik, ez da harritzekoa salaketak ere oso larriak izatea pirateriaren aurkako operazioetan atxilotzen dituzten pertsonentzat: gaizkile taldeko kide izatea, osasun publikoaren aurkako delituak egitea, jabetza industrialaren aurkakoak, iruzur egitea, kapitalak zuritzea, zergak saihestea… Baina zer gertatzen da produktu faltsuak erosten dituztenekin? Deliturik egiten al dute horiek? Zigor Kodearen 2.981 artikuluak esaten du sei hilabetetik bi urte arterainoko kartzela zigorra jarriko zaiela, irabazteko asmoz eta “ondarearen edo ordena sozioekonomikoaren kontrako” delitu bat egiten ari direla jakinda, legez kanpoko produktuak jaso, erosi edo gordetzen dituztenei. Baina… nork salatuko du web pirata batean edo sare sozialetan bere talde kuttunaren kamiseta 25 euroan erosten duen gazte bat, denda ofizialean bost edo sei aldiz gehiago balio duelarik? Nork salatuko du azoka batean Chanel-ena dirudien lurrin bat 30 euroan erosten duena? Eta bazar batean “Ray-Ban markako eguzki betaurrekoak” hartzen dituena? Nola frogatu horiek guztiek bazekitela gauza faltsutuak erosten ari zirela eta legez kanpoko merkatu bat laguntzen ari zirela?

Kontsumitzaile batzuek jakingo dute produktu faltsutuak erosten ari direla. Baina beste askok pentsatzen dute mauka bat aurkitu dutela, sustapen paregabe bat; eta beste batzuei, berriz, iruzur egiten diete, argi eta garbi. Horrexegatik, ez dirudi salaketarik, epaiketarik eta are gutxiago zigorrik jarri zaienik kontsumitzaileei produktu faltsutuak erosteagatik (EKAn, behintzat, ez dugu halakoen albisterik). Top manta batean edo produktu faltsutuen biltegi batean sarekada bat egiten denean, saltzaileek ekiten diote ihes egiteari; Poliziak ez du kontsumitzailerik atxilotzen, eta leporatu ere ez die ezer egiten. Horixe da egoera, baina argi dago produktu faltsutuen erosleek, jakinaren gainean erosi edo oharkabean erosi, lagundu egiten dutela merkatu horri eta haren ondorioei eusten.

NOLA ETA ZER ERREKLAMATU

Produktu faltsua top mantan, azoka batean edo egoitza EB-tik kanpo duen web pirata batean erosi denean, ia ezinezkoa izaten da erreklamazioa egitea. Ezin izaten da eskatu dirua itzul diezagutela edo kalte-ordain bat eman diezagutela produktuek eragindako gorabeherengatik. Saltoki fisiko batean erosi denean eta tiketa edo faktura eskura dugunean, ohiko bideetatik egin daiteke kontsumo arloko erreklamazio bat. Era batean izan edo bestean, iruzur kasu bat denez, komeni izaten da salaketa bat jartzea Polizia etxean edo epaitegi batean. Bide horrek nekez balioko du kalte-ordain bat lortzeko, baina bai agintariek, haien esku egonez gero, neurriak har ditzaten iruzurgilearen kontra, beste inor ez dezan engainatu. Tramite horiek egiteko, kontsumitzaile elkarteetara jo dezakegu, Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoetara, eta Autonomia Erkidegoek kontsumitzaileei erantzuteko dauzkaten bulegoetara, besteren artean.

IRUZURRAZ GAIN, ARRISKUA ERE BAI OSASUNERAKO

Kontsumitzaile batzuek jakingo dute agian, edo susmatu bederen egingo dute, baina askok ez daki oso zaila izango zaiela, eta ezinezkoa ere bai beharbada, erreklamazioa egitea web pirata batean erosi duten mugikorra hilabeteren buruan hondatzen zaienean edo bazar batean erosi duten krema faltsutuak erreakzio alergiko bat eragiten dienean. Legezko ekoizleei eskatzen zaien bermerik ez edukitzeaz gain, zirkuitu ofizialetatik kanpo saltzen diren jostailu, mozorro, makillaje edo material elektrikoen zati handi batek arriskuan jartzen du erabiltzaileen osasuna, legeak segurtasunerako ezartzen dituen gutxieneko baldintzak zaindu gabe egin dituztelako, material arriskutsuekin, su har dezaketenekin, toxikoekin…

Kontsumitzaile elkarte batzuek denbora daramate informazio kanpainak eginez eta oharrak plazaratuz produktu faltsutuak erosteak dakartzan arriskuen inguruan. Hor dago, adibidez, CECU Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Konfederazioak egin duen kanpaina (horko kide da EKA), Egiazkoa edo gezurrezkoa , eta ASGECOk, berriz, arreta berezia jartzen die lurrin eta kosmetiko faltsutuei, arriskutsuak izan daitezkeelako osasunerako, eta erakutsi egiten du horiek nola bereizi. Honako informazio honek lagundu egin dezake produktu faltsutuak identifikatu eta baztertzen:

NOLA BEREIZI EGIAZKO LURRINAK ETA FALTSUTUAK

Kanpoko bilgarria. Jatorrizko bilgarrien zelofana sendoa izaten da; tolesak zehatz-mehatz eginak izaten dituzte, eta kartoizko kutxari itsatsita gelditzen da ia-ia. Imitaziozkoarena finagoa izaten da, gaizki tolestuta egoten da, airea gelditzen zaio plastikoaren eta kartoiaren artean, eta igurztean, jatorrizkoak egiten ez duen soinua ateratzen du.

Kutxatila. Marka ezagunek testura handiko kartoia darabilte, gramaje eta kalitate onekoa. Astintzen denean, gainera, ontzia ez da mugitzen, barreneko bilgarri batek eusten diolako. Produktu faltsutuen kutxatilak kartoi finagoa eduki ohi du, eta astintzean, mugitu egiten da barrenekoa.

Ontzia. Jatorrizko ontziak pieza bakarrekoak dira, itsasgarriek ez dezaten kutsatu lurrina. Ontzi faltsutuek, aldiz, bi molde izaten dituzte elkarri itsatsita; eskua ertzetik pasatuz gero, erliebe txiki bat dutela sumatzen da. Lurrin faltsutuetan, banagailuaren hodiak kurba itxura eduki ohi du hondoan, eta normalak ez diren lodierak izaten ditu.

Etiketa. Jatorrizko produktuetan oso argi idatzita ageri dira sorta zenbakia eta osagaiak. Faltsuetan, aldiz, normalean falta izaten dira aipu horiek.

Barrenekoa. Berme guztiak eskaintzen dituen lurrin bat egiteko, urteetan lan egin behar da laborategietan, muturreko garbitasun baldintzetan, produktua ez hondatzeko eta kutsatu ere ez egiteko onddo edo mikroorganismoekin, hori gertatzeko arriskua izaten baita lore naturalen esentziak erabiltzen direnean. Jatorrizko lurrinek errespetatu egiten dute CE 1223/2009 Araudia (*). Lurrin faltsuen oreka, dentsitatea, kolorea eta usaina ez dira izaten jatorrizkoarenak bezalakoak. Lantegi klandestinoetan egiten dituzte, segurtasuna eta higienea zaintzeko batere neurririk gabe ia, legeak lurrinentzat ezartzen dituen substantziak eta neurriak erabili gabe, eta, ondorioz, osagai toxikoak eduki ditzakete, alergenikoak, foto-sentiberatasuna eragiten dutenak, minbizia sor dezaketenak eta disruptore endokrinoak ere eduki ditzakete (kaltegarriak dira giza ugalketarako).

Prezioa. Alde handiak daude lurrinetik lurrinera, baina jatorrizkoak aski garestiak izaten dira gehienean. Lurrin faltsutuek prezio harrigarriki merkeak izaten dituzte.

Saltzeko tokia. Jatorrizko lurrinak markaren beraren dendetan edo lurrindegi eta saltoki serioetan saltzen dituzte (non eta ez diren lapurtuak). Faltsutuak, berriz, saltzaile ibiltariek saltzen dituzte, azoketan izaten dira, bazarretan, biltegietan, Interneten… Egia da, dena den, denda batzuetan ere aurkitu izan direla.

-Espainian, hamahiru sektore ´kopiatuenek’ salmenten %9,3 galtzen dituzte urtean: 6.200 milioi euro inguru. Lurrinetan eta kosmetikoetan, %16koa da zifra.

-Zigor Kodeak ohartarazten du bi urte arterainoko kartzela zigorra ezarriko zaiola legez kanpoko jatorria duten produktuak jaso, erosi edo gordetzen dituenari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude