Osasun arazo bat dela eta bidaiari batek bidaiari uko egin dio eta txartelaren dirua itzuli diote

Emakume batek (B.I.F.) Bravofly online agentziaren bidez Bilbao-Los Ángeles Lufthansa airelinearekiko joan-etorriko hegaldi bat erosi zuen 674 euroren truke. Apur bat beranduago haurdun zegoela jakin zuen eta bidaiatzea galarazten zion arrisku handiko haurdunaldia zela ere. Ezinbesteko kasua frogatzen duen mediku-adierazpena aurkeztuta, B.I.F.ek bidaia ezin duela egin esaten dio aipatu agentziari eta txartelaren diru-itzultzea eskatu ere bai. Agentziak hori zuzenean egin behar bazuen ere (berak saldu bait zion hegaldia emakumeari), diru-itzulpena Lufthansari eskatzeko erantzuten dio B.I.F.i. Eta hala egiten du honek. Baina Lufthansak ez dizkio 674 euroak itzultzen, baizik eta 51 euro. Emakumeak aholkua eta laguntza eskatzen ditu EKA/ACUVeko abokatu batek daraman Getxoko KIUBan eta bulego honek Lufthansari idazten dio txartelaren diru osoaren itzulpena berriro ere eskatuz. Lufthansaren erantzuna: kasua “berraztertu” duela (azaldu gabe zergatik txartelaren prezio osotik zati txiki bat besterik ez zuen itzuli hasiera batean) eta diru osoaren itzulpena baimendu duela, amaieran Bravofly agentziak egingo duena. Eta egin du. Bidaiari batek hegazkin txartel bat anulatzen badu ezinbesteko kausa bat agertu eta frogatu gabe, aire konpainiak txartelaren prezioaren %25 eta %50 tarteko itzulpena egingo dio. Zenbat eta denbora gutxiago falta hegaldiaren egunerako hainbat eta txikiagoa izaten da diru-itzultzearen ehunekoa; edo, beste moduan esanda, hainbat eta handiagoa da justifikatu gabeko kantzelazioagatiko zigorra.

Utzi iruzkina