NOLA SALATU PHISHING IRUZUR BAT?

NOLA SALATU PHISHING IRUZUR BAT?

Aste honetan, demanda bat aurkezteko jarraitu beharreko urratsak plazaratzen dizkizugu, gure bazkide bati phishing kasu batekin suertatutakoa adibide gisa hartuta.

Honek zegokion prozesu juridikoa abiarazi zuen Banco Santanderri eskaera-judiziala aurkeztuta, eta salaketa ipini zuen Ertzaintzaren bulegoetan.

EKA/ACUVen beti aldarrikatzen dugu kontsumitzaile aktiboaren jarrera; are gehiago orain, nazioarteko egoera politikoa eta merkatuko inflazioa aintzat harturik.

NOLA FUNTZIONATZEN DU PHISHING IRUZURRAK?

Pertsona baten nortasuna ordeztean datza, banku-kontuko pasahitz, kreditu-txartel edo biktimen datu ekonomikoak baimenik gabe eskuratu ahal izateko.

Kontsumitzaileen elkartetik kasuak nabarmen areagotu direla detektatu dugu azken asteotan. Horren adibide dugu aipatu bazkidea, zeinari bi SMS eta esteka bat iritsi zitzaizkion. Horietan, balizko kontu korrontearen blokeoa gauzatu izan zitzaiola informatzen zitzaion eta halaber klik egin behar zuela berreskuratzeko.

Tamalez, gure bazkideak bankuko datuak erraztu zituen, kontuan sartu eta saldorik ez izateko beldurrez. Handik egun batzuetara jakin zuen, bere kontua aprobetxatuz 3.000 euroko transferentzia gauzatu ziotela guztiz ezezaguna zen beste bati, eta horrez gain beste bi eragiketa egin zizkiotela haren inolako baimenik gabe.

Gizona bankuan aurkeztu, eta 3.000 eurokoa baliogabetzea lortu zuen. Erakundeak argi aitortu zuen phishing iruzurra zela. Hala ere, ezin izan zituen beste bi erosketak konpondu.

Kasu horietarako protokoloa betez, txartel eta kontua blokeatu zituen, eta Ertzaintzara abiatu zen gertakariak salatzera.

Salaketak Santanderren aurkako erreklamazioa aurkezteko balio izan zuen, kendutako zenbatekoak itzul ziezazkioten, 1.100 eurotik gora guztira. Bankuak erantzukizuna baztertu zuen, transferentzia deuseztatzearen aurkakoa zela argudiatuz.

Bezeroaren defendatzailera errekurritu zuen orduan bazkideak, eta azken buruan, Espainiako bankura, eurek ere demanda ezeztatu zutelarik.

Honen harira esan beharra dago, bezeroak arrazoizko neurriak hartu zituela segurtasun-kredentzialak babestuz, eta epearen barruan jakinarazi zuen baimendu gabeko erabilera. Bankuak, zerbitzu edo ordainbideen hornitzaile diren aldetik, jardutako eragiketak gainbegiratzeko mekanismoak izan behar dituzte, baimendu gabeko kasuetarako edota iruzurrak frogatu ahal izateko. Era berean, gako pertsonalak lapurtuak edo konprometituak izan direla hauteman behar dute, eta autentifikazio-prozesuan programa informatiko gaiztoen bidezko infekzio-seinaleak aurkitzeko gai izan. Adierazle nagusienetako bat kopuru handiak dira; hori dela eta, bulegoko kontrol-zerbitzuek egoeraren berri eman behar zuten kontuaren mugimendu jarraituak ikusita.

Esan bezala, bankuak bereerantzukizuna ekidin, eta eragiketak txartelaren segurtasun-gakoak sartuta egin zirela egiaztatu zuen soilik. Aitzitik, ez zuen topatu konexioa burutzen zuen Ipa, edo mugimenduen katea egiaztatzen duen gailuaren konfigurazioa (sistema informatikoek baliatutako teknika, hain zuzen ere sareko delitu-jarduerak detektatzeko).

ALDEKO EBAZPENA

Salaketa Ertzaintzan jartzen dugunean, automatikoki Instrukzioko Epaitegietara zuzentzen da bide penaletik. Izan ere, EKA/ACUVek kasuaren berri izan zuen, erreklamaziogilea gurera gerturatu zelako. Elkartetik demanda zibila jarri zen orduan, gerora horretan atzera egin behar izan bazuen ere. Kontua da gertakariak aztertu ondoren, Gasteizko Instrukziozko 4. Epaitegiak, dirua gordailututa zuen enpresa deskubritu (bitcoinsen truke aldatzeko sortua) eta Merkataritza Epaitegiak zenbateko osoak itzuli zizkion gure bazkideari.

NOLA SALATU?

Salaketak argia eta zehatza behar du izan, gutxieneko datu hauek agertuz:

  • Salatutako egitateak.
  • Noiz gertatu diren.
  • Non gertatu diren (toki bat baino gehiago izan daiteke).
  • Lekuko posibleak.
  • Epaiketari begira garrantzitsu izan daitekeen beste edozein datu edo komunikazio.

Salaketa delituak preskribatzen ez duen bitartean aurkeztu ahalko da, epe espezifikorik zehaztu gabe. Hala ere, Euskadiko Justizia Administrazioan

kontsulta ditzakezu xehetasun guztiak.

Egin zaitez EKAko bazkide eta eskuratu onura guztiak. Prozesu osoarekin lagunduko dizugu.

Utzi iruzkina