MULTIOPTICASek GURE BAZKIDEARI AKASTUN LENTE BATZUEN DIRUA ITZUL DIEZAION LORTU DU EKA/ACUVek

Gure bazkide den A.V.-k betaurreko berriak erosi zituen Multiopticas denda baten, bere oftalmologoaren informea aurkeztu eta dendan bertan berriz ere bere ikusmena graduatu ondoren.

Betaurrekoen bila joan eta hauek probatu bezain laster, zorabiatu egiten da eta hala jakinarazten dio optikariari. Honek, betaurreko berriei egokitzen joateko, egun batzuetan zehar probatzeko gomendatzen dio. Hori dela eta, betaurrekoak ordaindu eta berme-aseguru gehigarri bat kontratatzen du. Aseguru kontratu honek jasotzen duenez, erosketatik lehenengo hiru hilabeteetan bezeroak adaptazio arazorik izanez gero, betaurrekoen kristalak aldatu egingo zaizkio.

Nahiz eta baten baino gehiagotan optikara gerturatu, optikaren erantzuna berdina zen beti. Uda pasatu ostean, optikara bertaratzen da arazo berdinarekin, baina azkenik optikak edozein aldaketa aukera ezeztatzen dio.

Egoera honen aurrean Multiopticasen Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuarekin jartzen da kontaktuan eta handik erreklamazioa erosketa egin duen denda zehatzera zuzendu behar duela adierazten diote.

EKA/ACUV Alkartearekin kontaktuan jartzea erabakitzen du orduan eta gure Zerbitzu Juridikotik Multiopticasi kasua berriz zabaltzea eskatzen zaio berme txartelan jasotzen den 3 hilabeteko egokitzapen epea argudiatuz. Bezeroa kristal horietara behar bezala moldatu ez dela frogatutzat emanez eta sinatutako kontratu horren edukiari helduz, betaurrekoen kristalen aldaketa eta bezeroaren beharrizanen berraztertzea eskatzen zaio Multiopticasi.

Bezeroa Multiopticas denda konkretura zuzendu beharrean, Multiopticasen Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua erreklamazioen tramitazioa zentralizatu beharrean aurkitzen dela uste dugu, batez ere, kasu konkretu honetan bezala, kontratu estandar baten gaineko arazo edo kezka orokorrei erantzuna emateko; kontrakoak markan sinesten duen bezeroa babes gabe uztea suposatzen du eta.

EKA/ACUV-en erreklamazioaren ondorioz, erreklamatzailearen eskaera aintzat hartuz, alderdiek ondoko akordioa adostu dute: erreklamatzailea betaurrekoen armazoiarekin geratu, kristalak itzuli eta horiengatik ordaindutako prezioa berreskuratu du (140 €), guzti hori Kode Zibilak eta bermeei buruzko arauen babesari esker.

Multiopticas

Utzi iruzkina