Kutxabankek “zordun jarrera”gatiko 30 euroko komisioa itzuli dio EKA/ACUV-ek kontseilatutako kontsumitzaile bati

Urtarrilaren hasieran A.P. kontsumitzailea EKA/ACUV-ek Donostian duen bulegora joan zen Kutxabankek “zordun jarrera”gatik 30 euroko komisio bat kobratu ziola azaltzera eta diru horren itzulpena eskatzeko aukerarik zuenentz jakitera.

Bulego hori daraman abokatuak baietz erantzun zion: “Joan zaitez Kutxabankera eta 30 euro horien itzulpena eska ezazu elkarte honek entitate horren aurka irabazitako bi epai judizialak aipatuta”. Lehena Vitoria-Gasteizko Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiak eman zuen 2016ko ekainaren 17an; bigarrena Arabako Probintzia Auzitegiaren Lehen Sekzioak eman zuen 2016ko abenduaren 30an, Kutxabanken helegitea gaitzetsiz eta lehen epaia berretsiz. EKA/ACUV-ek aurkeztu zuen “amaitze-ekimen” bati erantzunda, epaiek ebazten dute aipatu komisioa baliogabetzea bidegabea eta abusuzkoa izateagatik eta eguneko eta etorkizuneko bezero guztiei hori kobratzeari uztea agintzen diote Kutxabanki.

Nahiz eta Kutxabankek Arabako Probintzia Auzitegiaren epaia ere kasazioan errekurritu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean eta publikoki esan zuen “zenbaki gorrien” edo “zordun jarrera”gatiko komisioa kobratzeari utziko ziola soilik Gorenean ere auzia galduko balu, A.P. kontsumitzaileari 30 euroak itzuli zizkion. EKA/ACUV-en pozaz eta nahiko harrituta ere hartu dugu berria, zeinek are adore gehiago ematen digun Kutxabanken komisio horrek kaltetutako kontsumitzaile guztiak erreklamatzera animatzeko.

Utzi iruzkina