“Kulturako parte hartzea ez bada inklusiboa, aberatsenen kultur kontsumoa denon zergekin finantzatzeko arriskua dago”

2017-10-18an UPV/EHU-k zabaldutako prentsa-oharra.

Beatriz Plaza Inchaustiren eta Vitoria Ateca Amestoyren “Enhancing Participation in the Arts in the EU: Challenge and Methods” liburuak nolakoak diren Europarren ohitura kulturalak jorratzen ditu.

Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Beatriz Plaza Inchausti eta Vitoria Ateca Amestoy irakasle eta ikertzaileek “Enhancing Participation in the Arts in the EU: Challenge and Methods” (EBko kultur jardueretako parte hartzea areagotzen: erronkak eta prozedurak) Springer-en argitaratutako liburu kolektiboan esku hartu dute. Lanak hainbat ikuspegitatik jorratzen ditu, alde batetik, Europar Batasuneko kultur jardueretako parte hartzea eta, bestetik, parte hartze horren ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak.

“Nahiz eta herrialdeen artean aldeak dauden parte hartzeko tasetan, badaude denentzat berdinak diren ezaugarriak ere. Garrantzitsuena hezkuntzak kontsumo kulturala azaltzeko orduan daukan zeregina da. Benetako arazoa ez dira eskualdeen araberako edo errenta mailen araberako aldeak, baizik eta hezkuntza mailen araberako aldeak. Gainera, gaur egun parte hartzeko dagoen oztopo handiena, kasu guztietan, ez da eskaintza falta, prezioa edo denboraren muga, baizik eta interes falta”, azaldu du Victoria Atecak, liburuaren egilekideak eta argitaratzailekideak.

Halaber, Atecak ohartarazi du kulturako parte hartzea ez bada inklusiboa, aberatsenen kultur kontsumoa denon zergekin finantzatzeko arriskua dagoela. “Ez da nahikoa kultura jasotzeko eta gozatzeko eskubide bat onartzearekin; kultura modu efektiboan jaso behar da, hau da, jasotze horretan benetako “ekitatea” behar da. Bestela, kulturaren finantzaketa erregresiboa izateko arriskua dago: aberatsenen kontsumo kulturala denon zergekin finantzatzen da”.

Liburuan zalantzan jartzen dira kultur jarduerari buruzko ideia batzuk eta horren ondorio ekonomikoak eta sozialak. Hala, lanean gogorarazten da gaur arte ekoitzitako kultur ondasun garestiena bideo joko bat dela; zalantzan jartzen dira teknika eta ikerketa batzuk, azpimarratzen dutenak horrelako ekitaldiek balio handi biderkatzailea dutela, izan ere, besteak beste honelako adierazpenak egiten dira ikerketa horien ondorioz: “gure erakunde bakoitzak jartzen duen euro bakoitzeko, X euro sortzen dira bisitarien gastuari esker”; edo Euskadiko kultur turismoaren ehunekoa handia dela, baina baliabideen eta emaitzen arteko harremana Espainiako batez bestekoaren azpitik dagoela.

“Gastronomia, San Juan Gaztelugatxekoa, Zumaiako flyscha eta Arabako Errioxa dira gure kultur baliabideetako batzuk eta hiriko turismoaren inguruko jarduera dibertsifikatzen laguntzen dute. Kultur turismoa oraindik asko haz daiteke nahiz eta etengabe ari den hobetzen azken hamarkadan. Ondorio garrantzitsuena da gure aukerak hobeto erabil ditzakegula”, ziurtatu du.

Gehiago jakiteko: CAMPUSA

Utzi iruzkina