Kontsumitzaile batek online “erositako” zinema txartelen diruaren itzulpena lortu du

Kontsumoko erreklamazioetan oso gauza bitxia da kontsumitzailearen lehen saialdian arazoa konponduta geratzea, ondoren inolako eragozpen eta buruhausterik gabe. Horrela suertatu zen jarraian kontatzen den EKA/ACUV-eko J.L.S. bazkidearen eta www.cinesa.es weborriaren arteko gertaeran. Azaroaren 3an kontsumitzaile honek aipatu enpresari posta elektronikoz bidali zion mezuak ondo azaltzen du gertatutakoa. Hona hemen:

“XXX (izen abizenak) naiz, XXX NAN duena, eta erosi ez ditudan eta erabili ez ditudan zinema sarrera batzuengatik kobratu didazuen diruaren itzulpena eskatzeko idazten dizuet. 51,20 euro. Urriaren 24an, arratsaldean, zuen weborrian Bilboko Zubiarte zineman “Doctor Strange” filmarako urriaren 28ko 19.15ko emanaldirako lau sarrera erosten saiatu nintzen. Behin filma, eguna, emanaldia eta lau besaulkiak hautatuta, eta nire Visa txartelaren datuak emanda, weborriak akatsen bat izan omen zuen eta ordainketa ezin zela egin esan zidan eta hortaz ez zizkidan sarrerak eman. Berriro saiatu nintzen eta gauza bera gertatu zen. Lasai geratu nintzen ordainketa gauzatu ez zelakoan. Baina nire bankuaren mezu bat heldu berri zait non ustezko 8 sarrera haiengatik 51,20 euro kobratu dizkidazuela adierazten den. Sarrerak XXX nire semearentzat eta haren hiru lagunarentzat ziren. Online erosi ezinean, zinemako lehiatilan txartelak erosita ikusi zuten filma azkenean. Mesedez, nire kontu korrontera itzul ezazue diru hori berehala”.

Cinesak segituan erantzun zion gure bazkideari: “Zure kontsulta zinemarekin kudeatuko dugu eta laster emango dizugu erantzun bat”. Egun batzuk beranduago, bigarren mezu bat bidali zion enpresak J.L.S.-ri TicketMasterrekin “zure itzulpena zein egoeran dagoen” kontsulta eginda zuela esanaz. Eta azaroaren 22an erreklamatzailearen kontu korronteak Cinesak egindako 51,20 euroko sarrera jaso zuen. Kontua konponduta.

Hasieran genion bezala, kontsumoko erreklamazioen mundu ekaiztsuan azaldutakoa bezalako konponbide azkarrak eta kontsumitzailearentzat gogobetekoak ez dira batere ohikoak. “Mirari” hori gerta dadin bi gauza nagusi dira beharrezkoak: kontsumitzaileak gertatutakoa egiatasunez eta zehaztasunez saltokiari edo enpresari komunikatzea eta haren eskaera argi eta irmo agertzea; eta saltokiak edo enpresak bere akatsa onartzea eta besterik gabe konponketa ematea. Gauza biak gertatu ziren kasu honetan.

Kontsumitzaile honek, halere, akats bat izan zuen; enpresak gertaera zintzotasunez onartu izan ez balu erreklamazioa zaildu zezakeen zerbait ez zuen egin gure bazideak: txartelen erosketa prozesuan weborrian ordainketa egin ezin izan delako mezua agertzean “pantallazo” bat egin behar izan zukeen, eta gero irudi hori erreklamazioan erantsi. “Pantallazo” bat ordenagailuaren pantailaren argazki bat da. Horixe egin behar dugu honelako gertaera bat izanez gero online, “pantallazo” bat ordenagailuaren berarekin, argazki makina batekin, mugikorraren kamerarekin…

Utzi iruzkina