Gozo etiketatzea: Ba al dakizu zenbat azukre jaten duzun egunero?

Gozo etiketatzea: Ba al dakizu zenbat azukre jaten duzun egunero?

Ontzietan datozen elikagaiek derrigorra dute, Europako arauetan hala baitator, elikadura-informazioa ematea etiketan, hau da, bai zer balio kaloriko duten baita osagai batzuetatik zenbat daukaten ere, besteak beste azukreetatik. Beste hainbat gauza bezala, osasun publikorako politiken barruan dago hala erabakita, eta zer erosten duzun jakiteko aukera ematen dizu. Baina, saskira sartzen duzunean, benetan begiratzen al duzu zenbat azukre daukan produktu batek? Eta, begiratzen baduzu, ba al dakizu zer esan nahi duen?

2017-05-11an Kontsumobidek argitaratutako albistea.

SinAzucar.org web orrian begiratzen baduzu, jarraibide batzuk behintzat izango dituzu, azukre-gramo horien atzetik zer ezkutatzen den jakiteko. Janari batzuen argazkiak erakusten ditu, eta argazki bakoitzak, aldamenean, azukre-kozkorbatzuk dauzka, etiketan aitorturik daukan azukre-kantitateari pisuz dagokion bezain bestean —kozkor bakoitzak 4 gramo ditu—. Txunditzeko modukoa da, segituan konturatuko baitzara zenbat eta zenbat azukre dagoen gutxien espero duzun elikagaietan, tomate-saltsatan, barbakoa-saiheskitan, sushi, pizza edo karramarro-makilatxoetan.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) badu gomendio bat emana azukre libre direlakoak egunean zenbat hartu azaltzeko, eta gomendio horretatik da abiatzen proiektua. Kontzeptu horretan sartzen dira bai fabrikatzaileek, sukaldariek edo kontsumitzaileek eransten dituztenak, bai eta ezti, jarabe eta fruta-zukuetan hasieratik daudenak ere. Ez, ordea, berezkoak; alegia, frutak eta barazkiek osorik eta freskotan berez dauzkatenak.

OMEk dio egunero barneratzen diren kalorien % 10 baino gutxiagokoa izan behar duela azukre libreen kontsumoak. Eta, % 5etik behera jaitsiz gero, osasunerako beste onura batzuk lortu ahal izango lirateke, hala nola pisua arintzea edo gizentasunera iristeko aukera gutxiago izatea. SinAzucar.orgek premisa hori eta ideia hau ditu abiapuntu: gizonezko heldu batek egunean 2.000 kaloria kontsumitzen baditu, horrelako azukreetatik 25 gramo baino gutxiago kontsumitu beharko luke, hau da, gutxi gorabehera, 4 gramoko sei kozkor.

Baina irudi horiek garbi erakusten dute uste ez izanagatik ere edonork gainditu dezakeela eguneroko muga hori. Ez baduzu horrelakorik nahi, produktuen etiketak irakurri, eta aurretiaz ikusi zenbat azukre-gramo daramazun dendako saskian etxera.

Utzi iruzkina