Etxez-etxeko zerbitzu eta obretako gremioak: aurrekontua eta faktura behar bezala

Argiketariak, igeltseroak, iturginak, zurginak, gas-instalatzaileak, kristalariak, margotzaileak, sarraigileak… Horiek eta beste gremio batzuk “etxeetako zerbitzuen” atala osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoan 1995 urtetik berariazko dekretu batez erregulatuta dagoena baina, hala ere, arazo eta erreklamazio dezente sortzen duena ere bai, neurri handi batean kontsumitzaileek haien eskubideen ezaguera eskasa eta profesionalen beharren ez betetzea direla eta, haien artean aurrekontua eta faktura behar bezala egitea.

Etxez-etxeko zerbitzuetan eta obretan diharduen profesionalak idatzizko aurrekontua aurkeztu behar du non honako datuak agertu behar diren: enpresaren eta bezeroaren datuak; zerbitzuaren deskribapena, ezaugarriak, kalitateak eta adostutako emaitza; prezioa (zergak barne), banakatuz materialak, eskulana, joan-etorrietako gastuak…; ordainketa egiteko era: bermearen baldintzak eta epea; lanaren hasiera eta bukaera data aurreikusiak; aurrekonturaren baliotasun epea; profesionalaren sinadura edo zigilua eta data.

Zenbait kasutan aurrekontua egiteak kostu bat izan dezake; hala bada, enpresak argi ohartu behar du egin baino lehen. Aurrekontua lana hasi eta gero alda daiteke (ezkutuko akatsak agertzen direlako, bezeroak adostutakoan aldaketaren bat nahi duelako…), beti ere alde biek adosten eta sinatzen baldin badute.

Bidezkoa eta legezkoa izateko, fakturak aurrekontuan xehatutakoarekin bat etorri behar du zehaz-mehatz eta honako datuak azaldu behar ditu: enpresaren eta bezeroaren identifikazioa; bukatutako lanaren deskribapena; prezio osoa eta banakatuta; zerbitzua edo lanaren eta horretan erabilitako materialen bermearen edukina, baldintzak eta iraupena; enpresaren sinadura eta data.

Enpresak obran erabilitako materialak ezin dizkio bezeroari kobratu publiko orokorrarentzako prezioan baino garestiago, eta bezeroaren eskura jarri behar ditu bere tarifak eta materialen erosketaren fakturak.

Erreklamazioak ohiko bideetatik tramita daitezke (Kontsumitzailearentzako Informazio Udal Bulegoak, kontsumitzaile elkarteak eta Kontsumobide) eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailera ere bidal daitezke.

Utzi iruzkina