Enkarterriko KIUBek kanpaina komertzial agresiboez ohartarazi du

Kanpainakoek liburu bat oparitzen dute jendea erakartzeko, eta zenbaitek 4.000 eurora arteko produktuak erosten dituzte azkenean

-Kanpaina horiek iruzur egindako pertsonek 1.600 eta 4.000 euro arteko erosketa-kontratuak sinatzen dituzte.

-Nagusiki adineko pertsonak dituzte jomugan.

-Ezer sinatu aurretik agiria arretaz irakurtzea eta iruzur egiten ez uztea gomendatzen da. Produktuak bueltatu nahi izatekotan, KIUBera jo, kontratua baliogabetzeko prozedurari lehenbailehen ekiteko.

Enkarterriko Udalerrien Mankomunitateko KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak ohartarazi du Enkarterriko udalerri batzuetan, Balmasedan eta Gueñesen zehazki, saltzeko teknika agresiboen bidezko kanpaina komertzialak abiarazi dituztela. Kanpaina horien bidez iruzur egiten dieten pertsonek 1.600 eta 4.000 euro arteko erosketa-kontratuak sina ditzakete. Lehenik eta behin, dagokion pertsonari telefonoz deitzen diote etxera eta, galdera labur batzuk egin ostean, esaten diote liburu bat oparituko diotela eta soilik 4 euro ordaindu behar dituela trukean, bidalketa-gastuengatik.

“Trikimailu hori baliatzen dute jendea erakartzeko, eta, ondoren, bi komertzialek dagokion etxera eramaten dute liburua. Iruzur egindako pertsonek jakinarazi digutenez, etxean sartzen uzteko eskatzen dizute, eta, orduan, liburua jaso izanaren ziurtagiria sinatzen ari zarelakoan, zenbait baldintza dituen kontratu bat sinatzen duzu azkenean. Hau da, zure ustez 4 euroko jaso-agiria sinatzen duzu, baina, egiatan, 4.000 eurora irits daitekeen kontratua ari zara sinatzen”, azaldu du Celia Gómezek, Enkarterriko Mankomunitateko KIUBen arduradunak.

Kontratu horren barruan produktu sorta bat dago aukeran: besteak beste, liburuak, koltxoiak, sukaldeko funtzio askoko robotak eta beste zenbait tresna, 1.600 eurotik 4.000 eurora artekoak. KIUBek adierazi duenez, kanpaina horien jomugan adineko pertsonak daude batez ere: “Azkenean ez dakite zer sinatzen duten, baina legezko kontratuak dira; horrenbestez, den-dena arretaz irakurtzea gomendatzen dugu, eta guztiz jakitun izatea zer sinatzen ari garen”, azpimarratu du Celia Gómezek.

Hori guztia dela eta, KIUBek gertuen duten kontsumitzaileen informazio-bulegora jotzea gomendatzen die produktu horiek nahi ez dituzten pertsonei, kontratua baliogabetzeko prozesuari ekiteko. “Ahalik eta arinen joatea gomendatzen dugu; izan ere, legeak soilik 14 eguneko epea ematen du kontratua atzera botatzeko eskaria aurkezteko. Hala, kanpaina hauek oso ondo antolatuta daudenez, epea igarotzen bada, erositako produktuekin geratu beharra dago”, zehaztu du Celia Gómezek.

Detektaturiko kasuetan, jendea banku-eragozpenak jartzen ari da. Alabaina, KIUBek jakinarazi du neurri horrek ez duela arazoa konpontzen, kontratuak legezkoak direlako. Horrenbestez, ezer sinatu aurretik agiria arretaz irakurtzea eta iruzur egiten ez uztea gomendatzen da. Eta, produktuak bueltatu nahi izatekotan, KIUBera jo, kontratua baliogabetzeko prozedurari lehenbailehen ekiteko.

Utzi iruzkina