EKA/ACUV-eko bazkide batek bere datuekin EDP, Vertix eta Endesa egiten ari ziren trapitxeoa geldiarazi du

Badira haien eskubideak ondo ezagutzen dituzten eta primeran defendatzen dakiten kontsumitzaileak, baita jarraian hitzez hitz errepikatzen dugun hain erreklamazio ele-eder eta zehatza aurkezteko gai ere direnak. Egilea EKA/ACUV-eko M.V.V.G. bazkidea da eta hartzailea gasa ematen dion EDP Comercializadora konpainia da.

“Gaia. Datuen Babesa. Bilbao, 2016ko azaroaren 8. Jaunak: Jarraian nire etxean jasan dudan gertaera azaltzen dizuet. Joan den maiatzaren 27an andereño bat azaldu zen nire etxean Endesakoa zela eta tarifa zuzena kobratzen ari zitzaidan begiratu nahi zuela esanaz. Nire izen-abizenekin galdezka etorri zaitzaidanez, nire datuak nola eskuratu zituen galdetu nion, eta zekarren tabletean zeudela erantzun zidan berak, baina ez zen bertara nola heldu ziren esateko gai izan. Bere izen-abizenak eskatu nizkion eta lan egiten zuen enpresako bulegoaren helbidea eman ziezadala ere bai.

Eman zizkidan datuak ez ziren oso zehatzak eta, susmatzen nuen bezala, helbide hartan ez zegoen Endesako bulegorik. Aurkitu nuen Endesako bulego ofizial batean egon nintzen eta bertan nire datuak ez zeuzkatela baieztatu zidaten, haien datu-basean ez zeudela; hura zen bidezkoa ni konpainia horren bezero ez naizelako inoiz izan.

Bada, urriaren 27an, bost hilabete beranduago, beste komertzial bat datorkit etxera, kasu honetan gizon bat, kontu berarekin. Maiatzako bisitan egin nituen aztertze berberak egiten ditut eta oraingoan datu zehatzagoak lortzen ditut: Komertzial horren enpresak Vertix izena du eta Bilboko San Mamés alamedako, 42, 1. eskuman dago. Bertara noa eta, atean dagoen kartelean jartzen duen ordutegian barne bada ere, ez dut inor aurkitzen.

Iterneten miaketak egin nituen eta enpresa horrek Bartzelonan eta Madrilen bulegoak zituela ikusi nuen. Bartzelonako telefonora deitu nuen nire datuei buruz galdezka eta Endesako kolaboratzaileak direla erantzun zidaten, Bilbon ez zutela bulegorik, gas-banatzaileek oinarrizko informazioa ematen dutela, adibidez izen-abizenak, helbidea eta kontagailuaren zenbakia, eta haien artxiboetatik nire datuak desagertzea nahi badut Endesako Bezeroentzako Arretako zerbitzuarekin hitz egin behar dudala ere erantzun zidaten.

Egoera hau erabateko kirtenkeria iruditzen zaidanez, ez dut inondik ere onartzen nire datuak nirekin inolako harremanik izan ez duen enpresa baten eskuetan egotea eta, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Alkarteak kontseilatuta, zeinen bazkide naizen, Datuen Babesaren Legeari helduz, nire baimenik gabe inolako gaseko edo argindarreko empresei edo haien kolaboratzailei nire datu pertsonalak ez dizkiezuela eman idatziz baieztatzea eskatzen dizuet. Zuen berrien zai geratzen naiz. Bitartean, M.V.V.G.-ren agurra jaso ezazue”.

EDP Comercializadorak hurrengo egunean erantzuten dio, azaroaren 9an, erreklamazioa jaso duela baieztatzeko. Abenduaren 7an enpresak bigarren gutuna bidaltzen dio gure bazkideari laster behin betiko erantzuna emango diotela esanaz. Horixe abenduaren 19an heltzen zaio erreklamatzaileari: “Andere agurgarria: Zure datu pertsonalak kantzelatzeko eskubidea erabiltzen duzun eskaerari erantzunez eta indarrean den legedia betez, zure eskariari konplimendua emateko beharrezko neurriak hartu ditugula komunikatzen dizuegu”.

EDP-k ez dio gure bazkidearen eskaerari zuzenki erantzuten, ez baitu bere datu pertsonalak ez dizkiola aurretik inori eman baieztatzen. Diona, edo ulertzen dena da ez duela aurrerantzean egingo. Halere, gure bazkideak amaitutzat ematen du kontua, EDP-k bere datu pertsonalak inori emango ez dizkiola esperoan eta erreklamazioan azaldutakoa berriro gertatuko ez zaiolakoan.

Utzi iruzkina