EKA/ACUV-ek Revolving txartelak komertzializatu dituzten finantza entitateen aurrean erreklamazio kolektiboa abiaraziko duela iragartzen du eta kaltetu guztiak erreklamazio horretara batzera animatu eta deitzen ditu

Auzitegi Gorenak bere epaian WIZINKek “revolving” txartel baten bidez eta %27ko interes-tasan emandako mailegu bat deuseztatu du lukurreriazko kontratua dela ulertuz. Horrexegatik Euskadiko Kontsumitzaileen Alkarteak, EKA/ACUV, erreklamazio kolektibo bat aurkeztea erabaki du.

Auzitegi Gorenak kasu honetan ezarritako interes-tasak txartel mota hauetarako aurreikusitako bataz besteko interesa margen handiz gainditzen duela kontsideratu du.

Halaber Auzitegi Gorenak kontutan hartzen du normalean txartel hauek beste finantzaketa iturririk ez duen publiko konkretu bati zuzentzen direla. Aintzat hartzen ditu baita ere txartel hauen ezaugarriak: kuotak ez dira oso altuak izaten, interesak handitu baino ez dira egiten “elur bola” efektua sortuz, kontsumitzailea zorra inoiz ez ordaintzera eramanez.

Kontsumitzaile guztiak animatzen ditugu halako “revolving” txartel bat, inkontzienteki bada ere, kontratatu duten ala ez begiratzera, adibidez, etxean karta bidez aldez aurretik onartutako mailegua dakarren txartel bat jaso ezkero edota halako txartel bat gasolindegi edo beste motatako establezimenduetan kontratatu badute.

Guzti honengatik EKA/ACUV erreklamazio kolektibo ezberdinak prestatzen ari da halako txartelak komertzializatu dituzten finantza entitate guztien aurrean kaltetuen eskubideak berma daitezen.

Gure asmoa erreklamazioa lehenbailehen aurkeztea da; horregatik erreklamazioan parte izateko gure elkartearekin ahalik eta arinen kontaktatzera animatzen zaituztegu.