DONOSTIAKO EPAITEGI BATEK EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI 250 EURO ORDAINTZERA ZIGORTU DU IBERIA LAU ORDUKO ATZERAPEN BATENGATIK

Ziur aski aireko garraioko ohiko erabiltzaile gehienek badakite hegaldi bat bertan behera uzten denean indarrezko arrazoirik izan gabe airelineak kalte-ordaina eman behar diela. 261/2004 Europako Araudiaren 7. artikuluak zehazten du “kalte-ordain automatiko” deritzan hori, gehienez 7 eguneko epean eman behar dena: 250 euro 1.500 kilometro arteko hegaldietan, 400 euro 1.500 eta 3.500 kilometro arteko hegaldietan eta 600 euro gainontzeko hegaldietan.

Baina segur aski ere aireko bidaiari askok ez dakite kalte-ordainak jaso ditzaketeela ere bai, kantzelazioengatik berberak hain zuzen, justifikatu gabeko 3 ordu baino gehiagoko atzerapenengatik. EKA/ACUV-eko M.A.A.C. bazkidea horren jakinaren gainean zegoen. Horregatik 250 euroko kalte-ordaina eskatu zion Iberiari 2017ko urriaren 10ean bere Bilbo-Valentzia hegaldia 4 ordu atzeratu zelako. Airelineak barkamena eskatu bai baina kalte-ordaina ukatu zion, atzerapenaren zergatia ere inondik azaldu gabe.

Aireko bidaiari gisa dagozkion eskubideetako eta bete daitezen exijitzeko bideetako ezagutzaile, gure bazkideak Espainiako Aireko Segurtasun Agentziari (AESA) helarazi zion erreklamazioa. Iberiak ez zion erantzun AESAk bidali zion atzerapena arrazoitzeko edo azaltzeko eskakizunari eta agentziak arrazoi osoa eman zion M.A.A.C.-ren erreklamazioari: Iberiak 250 euro ordaindu behar zizkion.

Bere aldeko AESAko txostenaz, M.A.A.C. EKA/ACUV-era etorri zen eta hemendik bigarrenez eskatu zitzaion Iberiari bere beharra bete zezala, tamalez erantzun bera jasoz: ezezkoa. Beraz, elkarte honetako Iñaki Velasco abokatuaren laguntzaz, gure bazkideak Iberiaren aurkako eskaera aurkeztu zuen Donostiako 1. Zenbakiko Merkataritza-Arloko Epaitegian: aipatu 250 euroko kalte-ordaina gehi prozesu-kostua ordaintzeko zigorra Iberiari honek azaldutako fede gaiztoagatik, Prozedura Zibilaren Legearen 395. artikuluak arautzen duenaren arabera: “Aire-konpainiak ez die erabiltzaileak aurretik luzatu dizkion eskakizun eta errekerimenduei arretarik jarri, erabiltzailearen helburua bidezkoa izanda ere bide judizialera jotzera behartuz, auzibidea alde batera uzten duten erabiltzaileen gehiengoaren adorerik ezaren jakitun”.

Donostiako 1. Zenbakiko Merkataritza-Arloko Epaitegiak joan den uztailaren 4an eman zuen epaia: 250 euroko kalte-ordaina gehi pilatutako interes legalak eta, fede gaiztoagatik, prozesu-kostuak ere ordaintzeko zigorra Iberiarentzat.

Utzi iruzkina