DOAKO LAGUNTZA ITXURATUZ “BERANKORRAK” XIXKATZEAREN NEGOZIO ZITALA

Maiatzaren 7an Kontsumobidek prentsa-ohar bat argitaratu zuen honakoaz ohartaraziz: “Badirela aholkularitza eskaintzea eta berankorren fitxategitan doako tramiteak egitea promes egiten duten web-orri batzuk. Bertan, informazio-eskaera osatu ahal izateko, tarifikazio gehigarriko 807 telefono-zenbakitara hots eginez haiekin harremanetan jartzera behartzen dute bezeroa”. Prentsa-ohar hori lotune honetan dago: https://bit.ly/2G0w1kA. Weborri horietako bat da www.infomorosos.com. 2016ko ekainaren 1ean weborri horri buruz erreportaje bat argitaratu genuen. Ea bi urte pasa direla, www.infomorosos.com-ek “lanean” diharduela eta egiten duen “iruzurrari” buruz Interneten albiste piloa dagoela baieztatu dugu. Interesgarria delakoan, erreportaje hura berriro argitaratzea erabaki dugu. Hona hemen.

Doako laguntza itxuratuz “berankorrak” xixkatzearen negozio zitala. www.infomorosos.com, adibidez

Krisiak bultzatu zuen berankorren fitxategien ugaritzearen eskutik zenbait kasutan iluna den negozio bat zabaldu da azken urteotan: herritarrei berankorren fitxategietan dauden ala ez baieztatzen eta egotekotan horietatik ateratzen laguntzen dieten enpresak, weborriak.

Weborri horietatik batzuk eraginkorrak dira eta argi iragartzen dute zerbitzuagatik kobratzen dutena. Beste batzuk, ordea, doakotasun itxura osoa ematen dute erabiltzaileak bere datu pertsonalak eman arte. Orduan, gehigarrizko tarifikazioko telefono garesti horietako bat agertzen da (807 bat gehienetan). Eta horretan datza weborri horien negozioa, “berankorrak” zenbaki horretara deitu behar baitu nahi duen informazioa jaso ahal izateko. Weborri horietako bat da www.infomorosos.com, zeinek estafatuta sentitzen diren pertsona askoren kexak eta salaketak pilatzen dituen. Kontsumitzaile elkarte batek ere salatu zuen weborri horren jabea den Coordinadora Financiera e Hipotecaria SLU enpresa, iaz, Aragoiko Gobernuaren Kontsumoko Zuzendaritza Orokorraren aurrean, “berankorren fitxategietan erregistroak kentzean litezkeen abusuengatik”. Jarraian kontatzen dugu www.infomorosos.com-eko amua erdi jan zuen EKA/ACUVeko bazkide baten kasua eta enpresa hori bere gainetik kentzeko odisea.

V.V. inizialak dituen gure bazkide baten mugikorra Gémini izeneko “kreditu eta zor-kudeaketako” enpresa batetik bidalitako mezuak (ahots grabaketak) jasotzen hasi zen. Berankorren fitxategi batekoak ziruditen mezuek. Berak ez zeukan inon ezer ordaindu gabe utzita, ez zuen inolako zorrik, eta ez zien mezu horiei erantzun. Hala ere, berankorren fitxategietan era okerrean, ilegalki, sartuak izaten diren kontsumitzaileak daudela zekienez, berari ere horixe gertatzen ari zitzaiola jakin nahi izan zuen eta Interneten bilatuz www.infomorosos.com-era heldu zen. Hainbeste bisitariri bezala, gure bazkideari doako zerbitzua iruditu zitzaion, are gehiago “Acceder” eta “Formulario de Consulta/cancelación en los Ficheros de Morosos” puntuetan hauxe irakurrita: “Eskaera doan egiteko beheko irudian klik baino ez da egin behar dagokizun tokian (Partikularra ala Enpresa) eta jarraian agertuko den formularioa bete”. Doan, dio. Baina gezurra da.

Lehen urratsa datu pertsonal-zerrenda luzeko formularioa betetzea da. V.V.k bete zuen, formularioaren amaieran dagoen “Condiciones de servicio y política de privacidad” laukitxoa irakurrita eta onartuta markatuta, luze bezain korapilatsuak diren testu legal horietako bat, kontsumitzaile guztiok arreta handiz irakurri beharko genituzkeenak, iruzurra edo maula egotekotan askotan hortxe aurkitzen baita, nahiz gehienetan nolabait mozorro-jantzita edo ulergaitz. www.infomorosos.com-en dagoen testu horrek orri batzuk ditu (ortografia eta sintaxizko akatsez beteta) eta testu horren erditik edo, “Finalidades, modos y opciones de la prestación del servicio” puntuan, “a través de líneas de tarificación especial” esaldia jarrita dago (jende askok ez daki hori zer den), “tramitación gratuita”, “totalmente gratuita”, “acceder y/o cancelar gratis”, “consultar y/o cancelar gratuitamente los datos de los ficheros de morosidad” terminoak daramatzaten esaldiz inguratuta. Paragrafo horren idazkera irakurle trebeentzat ere nahaspila ea ulertezina da. “Hizki txikiko” ohiko testu erraldoia da, ez irakurtzeko eginak eta irakurtzen badira ez ulertzekoak eginak diruditen horietakoa.

V.V. bigarren pausora heldu zen (“Identifíquese fácilmente”), baina ez zuen bete, 807 telefono zenbaki batera deitzea exijitzen duelako. “Orduan konturatu nintzen hura ez zela doakoa, engainatu nindutela; eta ez nuen deitu, dei horiek zein garestiak diren dakidalako eta horregatik hain zuzen ere nire mugikorra gehigarrizko tarifikazioko zenbaki horietatik deskonektatuta daukat” azaltzen du gure bazkideak. Ez zen heldu beraz hirugarren urratsera, “Reciba el informe oficial”. Eta weborri hortatik alde egin zuen.

Une hartatik bigarren pausoa bete gabe utzi zuela gogorarazteko mezuak hasi ziren heltzen bere mugikorrera www.infomorosos.com-ek bidalita. Horietako batzuei erantzun zien lehen pausoan eman zituen bere datu pertsonal guztiak erabat ezabatzeko eskatuz. Ez zuen erantzunik jaso, baina bai beste oroigarri-mezu sorta bat. “Oro har hamar bat edo bidali zidaten, eta horietako batek zioen berankorren bi fitxategitan egon nintekeela” gogoratzen du. Zalantzak zeharo kentzeko, www.infomorosos.com weborriak arakatzen dituen fitxategi guztietara deitu zuen (Asnef, Equifax, Experian, Badexcug, RAI, CIRBE eta FiJ) eta gezurra zela baieztatu zuen. Ez zegoen inon erregistratuta. Horixe da hasieratik egin behar izan zuena: fitxategietara zuzenean deitu eta erregistratuta dagoenentz galdetu, erantzuteko behartuta daude eta. Are gehiago, partikular batek, enpresa batek, banku batek pertsona bat sartzen dutenetan berankorren fitxategi batean 30 egun pasa baino lehen erregistratuari esan behar diote bai fitxategiak berak bai horretan sartu duenak.

V.V.ren hurrengo urratsa www.infomorosos.com-ek bere datuak aldez edo moldez ezabatzeko ahalegintzea izan zen. “Aviso legal”ean aurkitu zuen weborri hori Coordinadora Financiera e Hipotecaria SLUkoa zela, Bizkaiko Merkataritza Erroldan izena emanda dagoen eta Bilbon posta-kutxa bat daukan enpresa batekoa. Gehiago bilatzen, enpresa horrek Bilboko Epalza kaleko bulego-eraikin batean duen bulegotxo bat aurkitu zuen. Bertara sartu eta han zeudenei bere datuak berehala ezabatzeko, bere fitxa erabat desagertzeko, exijitu zien. Erantzuna: hori weborrian bigarren pausoan zegoen, dagoen, 807 zenbakira deituta baino ezin dela egin. Ez zuen deitu, noski.

Hori baino lehen ikusiak zituen Interneten enpresa horrek engainatuta eta estafatuta sentitzen diren pertsona askoren testimonioak eta kexak; batzuk telefono horretara deituta 300 euro ere gastatuak zituztela diote. Hona hemen adibide bat:

“OJO CON INFOMOROSOS.COM!!!!!!! Menos mal que era gratuito !!! No acabo de tener claro si se piensan que somos tontos y que mediante MEDIAS VERDADES o INFORMACIONES INCOMPLETAS, eso sí, con toda la intención premeditada y con mucha alevosía, pretenden captar más clientes y embolsarse cantidades que no debieran, según anuncio que adjunto más abajo. Está claro que que si ofreces un servicio diciendo que es GRATUITO y resulta que en el paso dos debes llamar a un número 807 durante como mínimo 7 minutos, según su versión, aunque he leído denuncias de muchos afectados diciendo que te mantienen 30 minutos al teléfono, que debe ser el máximo legalmente permitido, en fin, decía que debido a lo anterior tengo todo el derecho, incluso la obligación, de etiquetarlos como REPUGNANTES ESTAFADORES, MENTIROSOS, GENTUZA SIN ESCRÚPULOS, etc, etc, que se merecen lo peor. Voy a transmitir mi “descontento” a través de todas las redes sociales, así como en todos los medios gratuitos y si os parece tan reprochable como a mí os ruego hagáis lo mismo para intentar evitar que nadie les regale el dinero injustamente a estos individuos, por no dedicarles otro adjetivo más merecido…”.

www.infomorosos.com-ez zeharo ahazteko eta horrek bere datuak behingoz ezabatzeko gure bazkidearen odisea amaierara heltzen hasi da EKA/ACUVera datorrenean eta gure abokatuek aipatu enpresari gutun bat bidaltzen diotenean. V.V.ren datuak 10 egun pasa baino lehen ezabatzen ez badituzte eta hori egin dutela modu frogagarriz komunikatzen ez badiote, Espainiako Datuen Babeserako Agentziaren aurrean salatuak izango dira. Horra jo behar da datu pertsonalekin arazorik izanez gero, adibidez berankorren fitxategi batean era okerrean sartua izateagatik, maiztasun gehiegirekin gertatzen den gauza. Astebetera, Coordinadora Financiera e Hipotecariak SLU bidalitako gutuna jaso zuen gure bazkideak bere datuak behingoz ezabatu zituztela ziurtatuz.

Utzi iruzkina