EKA/ACUV-eko A.E.O. bazkideak bere kotxearentzat (Kia Sportage bat) barruko keinukari baten erosketa-bidalketa kontratatu zuen telefonoz Desguaces La Cabañarekin 60 euroren truke. Baina etxera heldu zitzaiona kanpoko keinukari bat izan zen. A.E.O.-k enpresari deitu zion, honek barruko keinukaria ezohiko pieza dela esanda “egun batzuk” itxaron beharko zukeela erantzun zion eta A.E.O.-k onartu zuen.
Erositako pieza zuzena jaso gabe “zentzuzko tarte bat” igarota, gure bazkideak Desguaces La Cabañari deitu zion berriro kontratuaren deuseztapena eskatzeko: ordaindu zituen 60 euroen itzulpena eta pieza okertua eramatea. Desguaces La Cabañak bere “enpresako politikan” bezeroen ordainketen itzulpenak onartuta ez daudela erantzun zion eta 60 euroko txartel bat eskaini zion, dirua itzuli beharrean. Enpresa horri beste zerbait nekez erosiko ziolakoan, A.E.O.-k txartela errefusatu zuen eta EKA/ACUV-eko Vitoria-Gasteizko bulegora etorri zen laguntza eske.
Elkarte hau erosketa desegiteko eskaeran tematu zen idatziz zein telefonoz enpresarekin urrutiko salmentetan eta kontratazioetan (telefonoz, Internetez, etxez etxe egindakoetan) kontsumitzaileak daukan uko egiteko eskubidea aipatuz, bete zezala exijituz. Eskubide hori gauzatzeko legeak kontsumitzaileari ematen dion 14 egun naturaleko epea gaindituta zegoen ordurako, baina epe hori urtebeteraino luzatzen da kontratazioa egitean saltzaileak erosleari uko edo atzera egiteko eskubide horretaz ezer esaten ez dionean. Eta halaxe izan zen kasu honetan.
A.E.O.-ren laguntzan aritu zen EKA/ACUV-eko abokatuak dioenez, enpresak ez zekien urrutiko salerosketei dagokien eskubide horretaz ezer (edo hori eman zuen aditzera), eta itzulpenari ezetz zion behin eta berriz. Baina amaieran amore eman behar izan zuen. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrak argi zehazten duenez, uko egiteko epea gaindituta (auzi honetan 14 egun gehi urtebete izango zen epea) saltzaileak kontratua desegin ez badu eta dirua itzuli ez badio erosleari honek ordaindutakoaren bikoitza eska diezaioke, gehi, kasuaren arabera, litezkeen kalteordainak ere. Gure lankide abokatuaren ahotik hori entzunda, Desguaces La Cabañak bere beharra betetzea onartu zuen azkenik: 60 euroak itzuli zizkion gure bazkideari eta keinukari okertua eraman zuen.