Datu pertsonalen usurpatze kasu bat eta Vodafoneren zabarkeriari zigorra

Datu-usurpatzea gero eta errazagoa da teknologia berriei esker (teknologia berrien erruz) eta gero eta gehiago egiten ari den delitua da. Inork ilegalki beste norbaiten datu pertsonalak eskuratzen ditu (izen-abizenak, NAN, telefono zenbakia, emaila, helbidea, banku datuak ere askotan…) eta pertsona horren izenean eta horren lepora zerbitzuak kontratatu edota erosketak egiten ditu. EKA/ACUVeko I.I. bazkidea “datu-lapur” baten biktima izan zen eta Vodafoneren zabarkeria ere pairatu zuen horren ondorioz.

I.I. zur eta lur geratu zen berarekin inolako harremanik ez zuten telefonia konpainia batzuen fakturak eta ordainketa-eskaerak jasotzen hasi zenean. Datu-lapurreta zela ohartu zen eta kasu horietan egin behar den lehena egin zuen berehala: polizia-etxe batera joan, gertatutakoa azaldu eta salaketa ipini. Segituan, telefonia enpresa horietara deitu eta norbaitek bere izenean egindako kontratuen kantzelazioa eta erreklamatzen zizkioten zorrak kentzea eskatu zien. Denek egin zuten eskatutakoa eragozpenik jarri gabe Vodafone izan ezik.

Vodafoneren erantzuna izan zen telefonoz egindako kontratazioaren ahots-grabaketa bat bidaltzea gure bazkideari, eta harekin batera bi telefono mugikorren emate-agiriaren kopia bat eta fakturen kopiak ere bai. Grabaketan entzuten zen ahotsa ez zen berarena, ezta antzik ere, eta dokumentuetan zeuden sinadura eta helbidea ere ez ziren bereak.

Horrela azaldu zuten EKA/ACUVeko abokatuek Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari helarazitako arbitraje eskaeran, non Vodafone Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 98.8. artikula nabarmenki urratzen ari zela azpimarratzen zuten: “enpresariak harekin kontratua egiten duen kontsumitzailea-erabiltzailea errurik gabe identifikatzeko beharrezko neurri efikazak hartu beharko ditu”.

Eskaerak Vodafonek “zorrak” erabat kentzea eta I.I.ren datuak ezabatzea erreklamatzen zuen eta konpainiaren portaerak “eragindako kalte guztiengatik” 150 euroko kalte-ordain bat ere bai. Eta horixe bera ebatzi zuen Arbitrajearen laudoak, epai judizial bat bezala betebeharrekoa den erabakiak.

Utzi iruzkina