COVID-19: KONTSUMOKO ARAUDIAREN ANALISIA

Publikatutako Errege-Dekretuek legediaren aldaketa esanguratsuak ekarri dituzte, baita kontsumoko araudiaren aldaketak ere.

  • 463/2020 Errege-Dekretuak administrazio eta prozesu epe guztien etena ezarri du, baita beste edozein akzio edo eskubide egikaritzeko preskripzio edo iraungitze epeena ere.
  • 8/2020 Errege-Dekretuak, kontsumoari dagokionez, oinarrizko hornidura zerbitzuak, kontsumorako maileguak, hipoteka maileguak eta produktuen itzulpenak arautu ditu.
  • Eta 11/2020 Errege-Dekretuak, 36. artikuluan, kontratuei buruzko araudia aldatzen du, horien artean bidaia konbinatu eta segidako traktuko kontratuena.
  • Eta momentu honetan duen garrantziagatik, aipatzeko da baita hileta zerbitzuak eta horien kontratazio baldintzak erregulatzen dituen 298/2020 agindua.

EKA/ACUV-ek adierazi nahi du onartu berri diren neurri hauek pertsona kontsumitzaileen eskubideen benetako murrizketa suposatzen dutela.

Hipoteka luzamenduari dagokionez, nahiz eta kontrakoa adierazi den arren, hainbeste dira eskatzen diren baldintzak, luzamendua oso kontsumitzaile gutxiri izango zaiola aplikagarri, egoera latzean dauden asko eta asko alde batera utziz.

Kontratuak ezeztatzeko aukerari dagokionez, eskubide hori egikaritzeko segurtasun eza baino ez du ezer berririk ekartzen dekretuak; hala gertatzen da, adibidez, kontratuak ezeztatzeko ezartzen duen epearen zenbaketaren hasierari dagokionez. Bestalde, alderdien arteko akordioa lortzeko aukera legez arautzean ere ziurtasun juridiko eza sortarazten du.

Bidaia konbinatuei dagokienez, bere baliozkotasuna ere eztabaidagarria izan daiteke, izan ere europar araudiaren aurka doa azken hau goi mailakoa izanik. Kontsumitzaileen babeserako arauketa izan beharrean, operadore turistikoak babesten ditu kontsumitzaileek ordaindutako zenbatekoen itzulpenak egiteko urte bateko epea emanez, interesik aplikatu gabe, urte oso eta luze horretan dirua bidegabe erabilgarri izango dutelarik.

Diruaren itzulpena aurreikusten da baina soilik kontratua kontsumitzaileak ezeztatzen duen kasuetan eta beti ere operadore turistikoek zerbitzu hornitzaileengandik dirua aldez aurretik jaso duten kasuetan, azken baldintza hau eman den ala ez kontsumitzaileak ezagutu ezin duelarik.

Jakin badakigu operadore turistikoek asko sufrituko dutela krisialdi honetan, baina ez da onargarria beraien interesak babestea kontsumitzaileen interesen kalterako.

ARAUDIA

OINARRIZKO HORNIDURAK

Ezin izango dira energia elektrikoaren, petroliotik eratorritako produktuen (manufakturatutako gasak eta petroliotik likidotutako gasak barne), gas naturalaren eta uraren hornidura eten pertsona fisikoen beren ohiko etxebizitzan, horniduraren, pertsonen eta instalazioen segurtasunaz bestelako arrazoiengatik, aukera hori kontsumitzaileek sinatutako hornidura edo sarbide-kontratuetan jasota badago ere.

TELEFONIA

Zenbaki finkoko eta mugikorreko eramangarritasun-eragiketa guztiak eten egingo dira, baldin eta eragiketa horiek gauzatzeko operadoreak, horien agenteak edo erabiltzailea bertan egon behar badira, ezinbesteko kasu berezietan izan ezik. Baldin eta eramangarritasun-eragiketa bat hasi bada eta prozesua osatzeko aurrez aurreko jardueraren bat egin behar izateagatik eragiketa eten behar bada, operadoreek bermatu beharko dute eramangarritasun-eragiketa hori ez dela osatuko eta erabiltzailearentzako zerbitzua ez dela inoiz etengo.

Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, komunikazio elektronikoen zerbitzuen hornitzaile diren operadoreek ezin izango dituzte zerbitzuen prezioak handitu jada egindako kontratuetan, bai ordainketakoetan, baita aurre-ordainketakoetan, baldin eta zerbitzu horiek zenbaki finkoko eta mugikorreko eramangarritasun-eragiketak eragin baditzakete Alarma-egoera amaitu ondoren, nahiz eta gaur egun ezin diren egin, eten egiten direlako.

HILETA-ZERBITZUAK

Martxoak 29ko SND/298/2020 Agindua argitaratu da hileta-beilatokiei eta hileta-zeremoniei dagokienez ohiz kanpoko neurriak ezartzen dituena COVID-19ren hedapena eta kutsadura mugatzeko.

Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, hileta-zerbitzuen prezioak ezingo dira izan 2020ko martxoaren 14a baino lehen indarrean zeuden prezioak baino handiagoak. Prezio altuagoan ordaindutako zerbitzuen kasuan, enpresak ofizioz hasi beharko du aldea itzultzen, edota horretarako egindako jarduketak jasota utzi beharko ditu, itzulpenak egin ezin badira.

Kasu horretan, erabiltzaileak sei hilabete izango ditu, alarma-egoera amaitzen denetik, dagokion itzulketa eskatzeko. Hileta-zerbitzuetako enpresek, zerbitzua kontratatu aurretik, bertan jasotako kontzeptu bakoitzaren araberako aurrekontu banakatua eman beharko diote erabiltzaileari, bai eta 2020ko martxoaren 14a baino lehen indarrean zegoen prezioen zerrenda ere, nahiz eta COVID-19ren ondorioz izandako heriotzen ondorioz jarduketa espezifikoak egin behar izan.

463/2020 Errege Dekretuaren eta hura garatzeko arauen arabera ezarritako neurrien ondorioz, erabiltzaileari eman edo gozatu ezin zaizkion zerbitzu edo produktuei dagokienez, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei zerbitzu edo produktu horiei dagozkien ordaindutako zenbatekoak itzuliko zaizkie.

LUZAMENDUA HIPOTEKA-MAILEGUETAN

Errenta jasotzeari utzi dion ohiko etxebizitza erosi edo alokatzeko.

Luzamendua kontratu horiei aplikatuko zaie zordunak kalteberatasun ekonomikoko kasuen barruan dagoela ulertzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen dituenean.

Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie, halaber, zordun nagusiaren fidatzaile eta abal-emaileei, ohiko etxebizitzari dagokionez, hipoteka-zordunarentzat ezarritako baldintza berberekin.

ZAURGARRITASUN EKONOMIKOA

Baldintza hauek batera bete beharko dira:

– Potentzial onuraduna langabezia-egoeran egotera pasa dadila.

– Familia-unitateko kideen sarrera multzoak, luzamenduaren eskaeraren aurreko hilabetean, ez dezala gaindi 3 biderrez hileko IPREMa. Beste baldintza batzuk betetzen diren heinean, muga hau handituz doa (seme bat baino gehiago izatea, ezgaitasunak, etab.)

– Ondasun higiezinen hipoteka-kuotak gehi oinarrizko gastu eta hornikuntzak familia unitateko kide guztien sarrera gordinen %35a izan dadila. Efektu hauetara oinarrizko hornidura eta gastuengatik zera ulertzen da: elektrizitate, gas, gasoil eta uraren hornidurak, telekomunikazio mugikor eta finkoko zerbitzuak, eta baita jabeen komunitatera egin beharreko ekarpenak; beti ere familia-unitateko ohiko etxebizitzan hornitutakoak soilik.

– Osasun-larrialdiaren ondorioz, familia-unitateak bere zirkunstantzia ekonomikoen aldaketa adierazgarria jasan dezala etxebizitzara sarbidea izateko ahaleginari dagokionez. Zirkunstantzia ekonomikoen aldaketa adierazgarria produzitu dela ulertuko da familiako errentaren gaineko hipoteka karga gutxienez 1,3 aldiz biderkatu denean.

Fidatzaileek, abal-emaileek eta zaurgarritasun ekonomiko egoeran aurkitzen diren hipotekatzaile ez zordunek, bermatutako zorra haiei eskatu baino lehen, eta nahiz eta eskusioaren etekinari kontratuan espresuki uko egin, entitateak zordun nagusiaren ondarea ahi dezala eskatu ahal izango dute.

Zordunak erakunde hartzekodunaren aurrean baldintza eta inguruabarrak betetzen dituela egiaztatuko du, honako agiriak aurkeztuta:

– Langabezia-egoeraren ziurtagiria, familia-liburua, errolda-ziurtagiria. Etxebizitzaren eta maileguaren titulartasuna egiaztatzea eta betekizunak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

– Luzamendua eskatzen duenak ezin badu eskatutako dokumenturen bat aurkeztu, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez ordeztu ahal izango du. Adierazpen horretan, COVID-19aren krisiaren ondorioekin zerikusia duten eta ekarpen hori eragozten dioten arrazoiak berariaz justifikatu beharko ditu. Alarma-egoera eta haren luzapenak amaitu ondoren, hilabeteko epea izango du eman ez dituen dokumentuak aurkezteko.

Alarma-egoeraren indarraldia amaitu eta hamabost egunera arte eskatu ahal izango da, eta, luzamendua eskatu ondoren, erakunde hartzekodunak gehienez ere 15 eguneko epean inplementatuko du eta Espainiako Bankuari jakinaraziko dio.

Etendura aplikatzeko ez da alderdien arteko akordiorik beharko, ezta kontratu-berrikuntzarik ere, ondorioak izan ditzan, baina eskritura publikoan formalizatu eta Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da. Notario eta erregistroko eskubide arantzelario eratorriak hartzekodunak ordainduko ditu beti, eta ehuneko 50eko hobaria izango dute.

Luzapena eskatuz gero, hipoteka-zorra hiru hilabetez etengo da, eta, ondorioz, indarrean dagoen bitartean, ez da aplikatuko epemuga aurreratuaren klausularen luzapena, halakorik balego hipoteka-bermedun mailegu-kontratuan. Etenaldiaren iraupena luzatu ahal izango da Ministroen Kontseiluaren erabakiz.

Kapitulu honetan aipatzen den luzapenaren indarraldian, erakunde hartzekodunak ezin izango du hipoteka-kuota ordaintzeko eskatu, ezta kuota osatzen duten kontzeptuetako bat bera ere (kapitalaren amortizazioa edo interesen ordainketa), ez osorik, ez ehuneko batean. Halaber, ez da berandutza-interesik sortuko.

Errege lege-dekretu honetan luzapen-neurrien onuradun izan den eta 9. artikuluan aurreikusitako betekizunak bete gabe hipotekaren bidez bermatutako kreditu edo mailegu baten zorduna izango da sor daitezkeen kalte-galeren erantzule, bai eta malgutze-neurri horiek aplikatzearen ondoriozko gastu guztien erantzule ere, zordunaren jokabideak eragin ditzakeen bestelako erantzukizunei kalterik egin gabe.

KONTSUMORAKO KREDITUAK

– Jada azaldutako zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei aplikatzekoa.

– Alarma-egoeraren indarraldia amaitu eta hilabetera arte, betebeharrak etetea.

– Zordunek, eteteko eskaerarekin batera, arauan aurreikusitako informazio jakin bat aurkeztuko dute, beren egoera ekonomikoa justifikatzeko.

– Etendura aplikatzeko ez da alderdien arteko akordiorik beharko, ez eta kontratua berritzerik ere, eta ez du inolako interes arruntik edo atzerapenik sortuko.

– Kontratuko betebeharren etendurak ondorioak izango ditu zordunak hartzekodunari eskatzen dionetik, eskatutako dokumentazioarekin batera, edozein bide erabiliz.

– Etenaldiak hiru hilabeteko iraupena izango du, eta luzatu ahal izango da inguruabarren arabera.

PRODUKTUAK ITZULTZEA

Alarma-egoera edo haren balizko luzapenak indarrean dauden bitartean, edozein modalitatetan erositako produktuak itzultzeko epeak eten egin dira, bai aurrez aurre zein on-line egindako erosketen kasuan. Epeen zenbaketari berriro ekingo zaio Alarma-egoera edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen dutenean.

Adierazi behar da aurrez aurreko erosketen kasuan ez dagoela “per se” itzulketa-eskubiderik; aitzitik, saltokiak aitortu edo eman beharko du eskubide hori, eta, beraz, haren mende egongo dira hark ezarritako epeak eta baldintzak.

On-line erosketen kasuan, epe orokorra 14 egunekoa da.

Hala ere, komenigarria litzateke, ahal den neurrian, gure erabakia edo nahia jasota uztea, adibidez, mezu elektroniko bat bidalita.

ONDASUNEN SALEROSKETA-KONTRATUAK

Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean kontsumo-kontratu bat betetzea ezinezkoa bada, kontsumitzaileek kontratua 14 eguneko epean suntsiarazteko duten eskubidea arautzen du arauak, baina ebazpen horri ordezko izaera ematen dio alderdien artean adostutako irtenbide bati lehentasuna emanez.

Hau da, aldeek adostutako “fede oneko” konponbide bat gailentzen da, interesen elkarrekikotasuna berrezartzeko, aldeetako edozeinek eskain ditzakeen berrikuspen-proposamenen bidez.

Alderdiak ados jartzen ez badira, kontsumitzailea kontratua suntsiarazteko eskubideaz baliatu ahal izango da.

Akordiorik ez dagoela ulertuko da kontratua betearaztea ezinezkoa izan zenetik 60 egun igaro direnean aldeek berrikuspen-proposamenak onartu gabe.

Aginduaren iluntasun nagusia kontratua ezeztatzeko eskubideaz baliatzeko 14 eguneko epea zenbatzeko “dies a quo” delakoan datza, hau da, epe hori noiztik zenbatzen da? 60 egun itxaron behar dira akordioa lortzen saiatzeko? Eta epe hori baino lehen proposamen bakarrak atzera botatzen badira?

Nolanahi ere, araua pertsona kontsumitzailearen onurarako interpretatu behar da, eta, beraz, “dies a quo” hori ezin da finkatu, kontsumitzailearen kaltetan, exekutatu ezin denetik 60 egun igaro baino lehen, salbu eta kontsumitzaileak berak lehenago egikaritzen badu eskubide hori egiaztatuta baldin badago data hori baino lehen atzera bota direla elkarrekiko berrikuspen-proposamenak.

Kontratua betetzea ezinezkoa den kasuetan, enpresaburuak kontsumitzaileak edo erabiltzaileak ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko ditu, gastuak izan ezik, ordainketa egin zen modu berean behar bezala banakatuta eta emanda, gehienez ere 14 eguneko epean, kontsumitzaileak beste baldintza batzuk onartzen ez baditu.

SEGIDAKO TRAKTUKO KONTRATUAK

Zerbitzua ematen duen enpresak ezin izango ditu hileko-kuota gehiago kobratu zerbitzua normaltasunez eman arte.

Kontratua ez da deuseztatuko, bi alderdiek hala nahi izan ezean, eta zerbitzua emateko ezintasuna amaitzen denean kontratuari berrekingo zaio.

Ordaindutako hilekoei dagokienez, zerbitzua gerora berreskuratzeko alderdiek besterik adostu ezean, enpresaburuak kontsumitzaileari itzuli behar dio eman gabeko zerbitzuari dagokion zatia, edo, kontsumitzaileak onartzen badu, etorkizuneko kuoten zenbatekoa murriztu behar du.

BIDAIA KONBINATUAK

Kontsumitzaileak ezinbesteko itzulketarako eskubidea mantentzen du, honako berezitasun hauekin:

– Handizkariak, edo, hala badagokio, xehekariak, bonu bat eman diezaiokete kontsumitzaile edo erabiltzaileari, alarma-egoera amaitzen denetik urtebeteko epean erabiltzeko. Bonu horrek bere exekuzioa bermatuko duen finantza-babesa izan behar du.

– Kontsumitzailea edo erabiltzailea ez dago behartuta bono hori erabiltzera. Urtebete igaro ondoren erabili ez baduzu, dirua itzultzeko eskubidea egikaritu dezake.

– Ez du balio antolatzaileak edo xehekariak emandako edozein agirik. Dokumentu horrek arauak eskatzen duen finantza-babesa izan behar du (abala, kreditu-asegurua, etab.).

– Zerbitzuen hornitzaileek (ostatua, garraioa edo beste batzuk) ordaindutako zenbatekoak handizkariari edo, hala badagokio, xehekariari itzuli badizkiote, kontsumitzaileak kontratua suntsiaraz dezake, eta ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko diote (hornitzaileetako batek bakarrik itzuli bazuen).

– Antolatzaileak edo, hala badagokio, xehekariak, aipatutako itzulketak gehienez 60 eguneko epean egingo ditu, kontratua suntsiarazten denetik edo zerbitzu-hornitzaileek itzulketa egiten dutenetik zenbatzen hasita.

– Dirudienez, kontsumitzaileak bakarrik suntsiaraz dezake kontratua bonu hori onartu gabe eta urtebete itxaron gabe, zerbitzu-hornitzaileek ordainketa bat egiten dutenean; jakina, kontsumitzaileak ezin du kontu horren berri izan.

– Itzultzeko epe luzeegia ematen da, eta, gainera, inolako kontraprestaziorik gabe interes moduan.

Utzi iruzkina