DENDARA HELDUTA AGORTUTA DAUDEN MAUKEN PUBLIZITATEARI BURUZKO KONTSULTA

Duela gutxi kirol-denda baten weborrian oso prezio onean marka on bateko gurpil-ohol baten iragarkia ikusi nuen. Handik ordubetera dendan negoen hura erosteko asmotan. Baina eskaintza agortu zitzaiela esan zidaten. Haserretu nintzen, baina jende mordoa zegoen eta lotsagatik edo ez nuen erreklamatu. Egin al nezakeen?

Publizitatea loteslea da eta bertan esaten den guztia bete egin behar da. Hortaz, zuk eskatu egin zenezakeen iragargian zegoen gurpil-ohol modelo hura eta esandako prezioan sal ziezazutela, eta dendak horixe egin beharko zukeen, egun hartan bertan ez bazen beste batean; salbu, eta hemen dago koxka, iragarkian edo harekin batera “salgaiak bukatu arte” edo halakorik zioen oharren bat egon bazen. Eta oso litekeena da iragarki hark era horretako esaldiren bat edukitzea. Saltoki batzuek horrelako marketin estrategiak erabiltzen dituzte, batez ere une berezietan, Black Friday delakoa adibidez, Cyber Monday delakoa, merkealdiearen hasieran…. Eskaintza eder bat iragartzen dute eta ehunka bezero erakartzen dituzte haien saltokietara, baina produktua berehala bukatzen da eta haren bila joan eta lortzen ez dutenean beste zerbait erosteko erabakia hartzen dute askok. Hori legezkoa da, baldin eta iragarleak ohartarazten badu eskaintza mugatua dela, adibidez lehenbiziko 100 bezeroentzat bakarrik daudela produktuak. Dena dela, etikoki ez zaigu oso zuzena iruditzen, gaitzesteko moduko “amu” bat erabiltzen dutelako; izan ere, enpresa bati baino gehiagori gertatu zaio bezeroek haren aurkako protesta kanpainak egitea edo sare sozialetan haien kontra mintzatzea. Gisa horretako iragarki bat ikusten duzun hurrengoan, irakur ezazu ongi edo entzun arretaz, entzunezkoa bada, eta erabaki ezazu merezi duen ala ez eskaintza miragarri horren bila joateak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude