KONTSULTA URRUTIKO SALMENTA ETA KONTRATAZIOAN ATZERA EGITEKO EPEARI BURUZ

Ulertuta daukat urrutiko erosketa eta kontratazioetan kontsumitzaileok 14 eguneko epea dugula atzera egiteko. Noiz hasten da epe hori, kontratatzen dugun unean edo produktua heltzen zaigunean? Eta zerbitzu bat bada? Mugikorrarekiko linea bat kontratatzen badut eta gailua bidali behar badigute, noiztik hasiko zait epea?

Zuzen zabiltza: ohiko saltokietatik kanpoko erosketetan eta kontratazioetan (telefonoz, Internetenez edo etxera etorritako bisita komertzial baten bidez), atzera egiteko eskubidea, kontratua bertan behera uzteko eskubidea, 14 egun naturalekoa da. Produktu bat erosten bada, epe hori erosleak produktua jasotzen duen unean hasten da. Zerbitzu bat kontratatzen bada, epearen hasiera da zerbitzua jasotzen den unea edo martxan jartzen den unea. Hori kontratazioaren unea bera izan daiteke zerbitzua (adibidez, gaseko, argindarreko edo ur-hornidura) egun berean funtzionatzen hasten bada etxebizitzak horretarako beharrezkoak diren instalazioak badituelako. Zerbitzua abia dadin gehitutako elementurik edo gailurik behar izanez gero (are gehiago elementu hori kontratuaren barne badago, kontratu misto deritzan batean), bezeroak gailu hori jasotzen duenean hasten da kontatzen 14 egun naturaleko epea, soilik orduan izango baitu zerbitzua estreinatzeko modua. Telefonia arloan kontratu sinple eta mistoko eskaintza anitza dago, eta esandako arauan salbuespenak eranstea gerta liteke. Edonola ere, zure kasuan, azaldu duzunaren arabera, telefono mugikorra heltzen zaizunen momentuan hasiko zaizu kontatzen atzera egiteko epea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude