NOLA SAHIESTU JAZARPENA ONARTZEN EZ DUGUN ZOR BAT ORDAIN DEZAGUN

Duela gutxi, EKA/ACUV-eko A.Y.A. bazkideak ezertaz ezagutzen ez zuen ISGF Informes Comerciales SL enpresaren dei bat jaso zuen; Jazztelekin omen zuen 116,71 euroko zorra ordain zezala erreklamatzen zion. Haien bezero zordunei ordain dezatela erreklamatzeko konpainia handi askok (telekomunikaziokoak, hornikuntzakoak, aseguratzaileak…) erabiltzen dituzten “ordaingabeak berreskuratzeko” enpresetako bat da ISGF. Gure bazkideak Jazztelekin inolako zorrik izatea ez zuela onartzen erantzun zuen. ISGF-k telefonoz hainbat aldi gehiago deitu zion eta gutun batzuk ere bidali zizkion eskaeran tematzen eta Jazztelekiko zorra ez kitatzekotan berankor-fitxategi batean sartzearekin eta judizialki auzitara eramatearekin mehatxatzen. Akituta, A.Y.A. EKA/ACUV-eko Bilboko bulegora etorri zen laguntza bila. Baina, kasu honen amaiera kontatu baino lehen, joan gaitezen haren jatorrira.

A.Y.A. Jazzteleko bezero izan da urte batzuetan zehar eta oso pozik zegoen zerbitzuarekin. Bizilekuaz aldatu zen arte. Jazztelekin zituen telefono finkoa, ADSLa eta sakeleko telefono batzuk, eta etxe-aldaketa baino bi aste lehenago Jazztelekin hitz egin zuen eta honek etxebizitza berrira sartu bezain laster eta doan telefono finkoa eta ADLSa jarriko zizkiola erantzun zion. Baina ez zen halakorik gertatu. “trabak jartzen hasi zitzaizkidan, arazoak, komertzial batengandik beste batengana bidaltzen ninduten, dei bakoitzean dena azaldu behar nuen berriro…”, gogoratzen du, oraindik haserre. Aste batzuk igaro ziren horrela.

“Nekatu nintzen arte; Jazztelen baja hartu nuen eta konpainiaz aldatu nintzen”, azaltzen du A.Y.A.-k. “Orduan Jazztelek routerra, kableak eta wifiko gailua itzul ziezazkiola exijitu zidan. Eta egin nuen: eman zidaten helbidera dena bidali nuen pakete batean. Baina, dei haietako batean ISGF-k esan zidanez, Jazztelek zioen ez zitzaiola paketea heldu eta horregatik 116,71 euroak erreklamatzen zizkidan, gailu horien kostua. Baina nik ez dut zor hori onartzen, Jazztelek telefono finkoa eta ADSLa berehala eta doan jartzeko eman zidan hitza ez zuelako bete eta, batez ere, nik paketea bidali niolako”.

Joan den otsailaren 7an EKA/ACUV-eko Bilboko bulegoak, gure bazkidearen izenean, mezu elektroniko bat bidali zion ISGF-ri: “Zuek erreklamatzen duzuen zorra ez dago egiaztatuta. Hortaz, hauxe eskatzen dizuegu: zor hori benetakoa eta galdagarria delako egiaztapena; zorraren jakinarazpena bere hartzaileari iritsi delako froga materiala; eta zuen fitxategietatik erreklamatzailearen datuen kantzelazioa. Eskaera honetaz ez arduratzekotan, 10 eguneko epe luzaezinean, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara joko genuke horrek, bidezkoa bada, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa larriki hausteagatik behar den prozedura administratiboari ekin diezaiola. Zuen erantzunaren zai gaituzue”.

Sei egun geroago, otsailaren 13an, gutun bidez erantzun du ISGF-k. Espero bezala, ez du zorra egiaztatzen eta atzera egiten du. Dio Jazzteli bidali diola A.Y.A.-ren erreklamazioa eta kobratze-kudeaketa gelditzen duela, hau da, ez duela berriro 116,71 euroko ordainketa eskatuz gure bazkidea molestatuko. Horrek ez du ziurtatzen Jazztelek A.Y.A.-ri diru-kopuru hori ez diola berriro eskatuko. Baina, oraingoz, ez da gertatu. Eta kasu mota hauetan ohikoena da enpresak kontsumitzaileak onartzen ez duen zorra kobratzeari uko egitea, are gehiago kontsumitzailea elkarte batek babestuta badago eta ordain dezala erasotzen jarraitzen bazaio hori lehen aipatu agentziaren aurrean salatuko duela ohartarazi baldin badu.

Gure bazkidearen datuen kantzelazioari dagokionez, ordaingabeak berreskuratzeko enpresa horrek erantzuten du hori egitea ez dagokiola berari baizik eta Jazzteli, eta dagoeneko hari esanda diola. A.Y.A.-k eta EKA/ACUV-ek orain espero duguna da Jazztelek kantzelazioa egin dezala eta gatazka hau ez dadila luza, seguraski Jazztel galtzaile aterako balitz ere, eragozpena eta enbarazua bait litzateke A.Y.A.-rentzat. Bere kasua azaltzen duen aukera hau aprobetxatuz, benetakoa ez den zor bat ordaintzeko eskaera duten kontsumitzaileei A.Y.A.-k gomendatzen die hura ez ordaintzea eta EKA/ACUV-era etortzea arazotik irteten lagun deizaiegun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude