Bizum: arriskurik gabe erosi eta saldu

Gure egunerokoan ezarri zenetik, Bizumak partikularren arteko ordainketak nabarmen aldatu ditu. Kontsumitzaileek establezimenduetan erosketak egiteko eta zerbitzu batzuk kontratatzeko erabiltzen duten metodoa dugu.  Online erosketekin batera, prestazio horrek ere hazkunde handia izan du, are gehiago saltokiak ixtea eragin zuen alarma-egoeraren eta aurrez aurre erosteko ordutegi-mugen ondorioz. Nolanahi ere, konpainiaren datuen arabera, gaur egun 19 milioi erabiltzaile aktibo baino gehiago ditu. 2016an sortua, ordainketa-sistema unibertsal, integral eta berehalakoa izaten da.

Aplikazioaren erabiltzaileak ugaritu egin dira, baina iruzur eta bestelako arazoei buruzko kontsultak eta kexak ere bai. Horregatik, EKA/ACUVtik zenbait aholku gogorarazi nahi dizkizugu, partikularren arteko eragiketa seguruak burutzeko, bai erostean, baita saltzean ere:

· Partikularren artean salmenta bat egin baduzu eta dirua Bizum bidez bidaliko badizute, zuk ez duzu ezer egin behar. Zure banketxeak mezu bidez jakinaraziko dizu dirua jaso duzula. Ildo horretan gertatzen den arazoetako bat izaten da, produktu bat saltzen duen erabiltzaileak ustezko eroslearen mezu bat jasotzen duela dirua bidaltzeko eskatuz. Saltzaileak, konturatu gabe, eskaera hori onartzen du, ordainketa baieztatzen ari dela pentsatuz, baina, berez, ustezko erosle horri ordaintzea gerta liezaioke. Horregatik, dirua bidaltzeko eskaera bat jasotzen baduzu eta jatorria ezezaguna bada, ez onartu.

· Dirua bidali behar baduzu, begiratu ondo hartzailearen datuak eta kopurua. Ziurtatu eragiketa behar bezala egiten duzula. Arazoak, askotan, iruzurgileek aprobetxatzen duten ezagutza faltagatik edo despiste hutsengatik sortzen dira. Sartu zaitez zure banku-entitatearen aplikazioaren bidez beti, inoiz ez jasotako esteken bidez, bereziki pertsona ezezagunak helarazitakoak badira edo “ustezko” Administrazio publiko eta beste erakundeen izenean agertzen badira.

· Partikularren arteko salerosketa bat egin behar baduzu, garrantzitsua da gogoratzea produktu merkeegiak edo merkatu-prezioa baino askoz merkeagoak dituzten produktuak iruzur izan daitezkeela. Ez fido egin.

· Bizum bat bidaltzean huts egin baduzu, kontaktuari dirua itzultzeko eskaera da egin dezakezun lehenbiziko saiakera. Gainera, zure banketxearekin harremanetan jar zaitezke zer aukera dauden baloratzeko, baina, berehalako transferentziak izanik, aurrean aipatu eragiketa hori ezeztatzea nahiko zaila izango da.

· denda batean erosi eta Bizumen bidez ordaindutako produktu bat itzuli nahi baduzu, gogoratu produktu bat itzultzea establezimendu bakoitzaren merkataritza-politikaren menpe  dagoela. Horregatik gomendatzen dizugu ondo informatzea erosketa egin aurretik. Gogoratu oso garrantzitsua dela gure mugikorrean antibirus bat instalaturik izatea eta sistema eguneratuta edukitzea, bai eta wifi sare publiko eta irekiak saihestea. Zentzu horretan, erabili ondoren, gure bankuaren edo plataformaren aplikazioa ixtea ezinbestekoa da. Hala ere, Bizumen iruzur baten biktima izan bazara, dagokion salaketa jarri beharko duzu segurtasun-indarren aurrean, eta zure bankuarekin harremanetan jarri dagozkion neurriak hartzeko.

Espainiako ia banku guztiek dute Bizum, kosturik gabeko zerbitzua. Oraindik ez dago eskuragarri Estatutik kanpoko banku-erakundeentzat. Telefonoari dagokionez, Bizumek ez du inolako mugarik; beraz, ez litzateke eragozpenik egongo Espainiako banku-kontu bat lotuta duten atzerriko terminalekin sistemaren bitartez eragiketak egiteko.

Kontuan izan telefono mugikor batekin banketxe bakar batean egon zaitezkeela. Hala ere, Bizum eremuaren barruan, aukeratutako kontua eta bankua nahi beste alda ditzakezu, eta mugikorraren zenbaki bat baino gehiago lotu kontu berari.  

Utzi iruzkina