Bilboko epaitegi batek EKA/ACUV-eko bazkide bati sukaldeko estalki baten aldaketa ordaintzera zigortu du Seguros Hogar Kutxabank

Iñaki Velasco EKA/ACUV-eko abokatuak lagunduta, A.F.C.G.-k ahozko epaiketako eskaera bat aurkeztu zuen Bilboko Lehen Auzialdiko 11. zenbakiko Epaitegian Seguros Hogar Kutxabanken aurka. Arrazoia: 2016ko abuztuaren 15an gure bazkidearen etxeko sukaldeko estalkia apurtu zen eta haren ezinbesteko aldaketak balio izan zituen 1.885,20 euroak ordaintzeari uko egin zion aseguru-etxeak. Eskaerak aplikagarritzat jotzen zuen polizaren baldintza orokorretako 1.13. artikulua, zeinek marmolen eta antzekoen istripuzko apurketaren estaldura barne hartzen duen.

Epaiketan, Seguros Hogar Kutxabankek gertatutako ezbeharra estalduratik kanpo dagoela argudiatzen du apurketa ez delako izan istripu baten ondorioz baizik eta materialaren ahultzeagatik (agian eraikinaren asentatzeengatik edo egiturazko mugimenduengatik, dio). Aseguru-etxeak kontratuaren 4.6 artikuluak “aseguratutako gauzaren berezko akatsek edo zaintze egoera txar nabarmenak sortutako kalteak” estaldurarik gabe uzten dituela gaineratzen du; eta, era subsidiarioan, egindako balioespena (1.885,20 eurotakoa) errefusatzen du, dagokion balio-galeraren ehunekoa ezarri behar zaiolakoan. Baina epaitegiak Seguros Hogar Kutxabankek bere defentsan aurkeztutako hiru argudioak baztertzen ditu.

Lehenik, Epaitegiak polizaren 1.13. artikuluak beste ezbeharren artean “ikuztegi, komun eta sukaldetan ohikoak diren marmolen eta antzekoen apurketa” estaltzen duela egiaztatzen du; eta estaldura uka lezaketen balizko egoerei buruzko idazkian ez ditu aseguru-etxeak epaiketan erabiltzen dituen “eraikinaren asentatzeak edo egiturazko mugimenduak” aurkitzen.

Bigarrenik, 4.6. artikuluaren esklusio-klausula (aseguratutako gauzaren berezko akatsak edo zaintze txarra) ezarriezina dela dio Epaitegiak, aseguru-etxearen aldetik “eskaerari erantzunean sukaldeko estalkiaren ustezko akatsa zehazten ez denean, eta are gutxiago mantentze egoera txarra”.

Eta hirugarrenik, era subsidiarioan Seguros Hogar Kutxabankek eskatzen duen balio-galeraren aplikazioa ere errefusatzen du Epaitegiak, aseguru-etxearen teknikoak berak gertatutakoan konponketa ezinezkoa dela eta aldaketa ezinbestekoa dela onartzen duelako eta kontratuaren 12.3. artikuluak hauxe diolako: “Tasazioa istripuaren unean birjartzeak duen balorean egingo da antzinatasunagatik inolako kenketarik gabe”.

Hori guztiagatik, 2017ko abenduaren 29an emandako epaian, Bilboko Lehen Auzialdiko 11. zenbakiko Epaitegiak eskatutako 1.885,20 euroak bere bezeroari ordaintzera zigortzen du Seguros Hogar Kutxabank (gehi ezbeharraren egunetik pilatutako korritu legalak, Aseguru-Kontratuaren Legearen 20. artikuluak behartzen duen bezala) eta epaiketa-kostuak ere bai.

Utzi iruzkina