Bere bezeroen kontu korronteetan eskudirutako sarrera egiteagatik hirugarrenei komisioa kobratzeari uztea Kutxabanki agintzen dion epaia lortu du EKA/ACUV-ek

Share on whatsapp
Share on facebook
Share on twitter
Share on linkedin

Epai aurrendaria: finantza entitate bati komisio mota hau (banku askok kobratzen dutena) kobratzeari uztea agintzen dion lehen epaia da espainiar Estatuan

Urriaren 10ean, Vitoria-Gasteizko Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiak, EKA/ACUV-ek aurkeztutako “amaitze-ekimen” bati erantzunda, bere bezeroen kontu korronteetan eskudirutako sarrerak egiteagatik hirugarrenei kobratzen dien komisioa kentzea agindu dio Kutxabanki, abusuzkotzat eta bidegabetzat jota. Salatutako, epaitutako eta legez kontrakotzat emandako komisioa 2 eurotakoa da. Duela gutxi Kutxabankek 4 eurotaraino garestitu zuen.

Kutxabankek dagoeneko Arabako Probintzia Auzitegiaren aurrean helegitea iragarri du. Gauza bera egin zuen iaz Vitoria-Gasteizko epaitegi berberak eta EKA/ACUV-ek ere aurkeztu zuen “amaitze-ekimen” bati erantzunda, “zordun jarreragatiko” komisioa kobratzeari uztea agindu zion epaia eman zuenean, ekainean. Probintzia Auzitegian ere galdu zuen epaia Kutxabankek, abenduan, eta Auzitegi Gorenera jo zuen, zeinek oraindik ez du esan errekurtsoa onartu duenentz. Vitoria-Gasteizko Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiak Kutxabanken aurka eskudirutako sarrerengatiko komisioari buruz eman berri duen epaiak bide berbera jarrai lezake.

Teresa Trinidad Santos epailearen erabakiaren funtsa hauxe da: bankuak kontu korronte baten titularrari mantentze komisio bat kobratzen dio kutxa zerbitzu oinarrizkoa emateagatik, zeinek beste pertsonek bere kontuan egin ditzaketen diru-sarrerak bereganatzen dituen. Hortaz, ilegala da hirugarren horiei komisio bat kobratzea, haiei ez dielako inolako zerbitzurik ematen, bere bezeroa baita zerbitzu horren onuraduna. Eta legez kontrakoa da zerbitzu bakar batengatik bi aldiz kobratzea edo bi pertsona ezberdinei kobratzea.

Bere arrazoibide juridikoan, epaileak komisio mota honi buruz Espainiako Bankuak ere aurkako iritzia eman duela gogoratu du: “kontu korronte batean eskudirutako sarrerak jasotzea kutxako zerbitzuaren prestazio bat da, kontuaren kontratuari atxikita eta mantentze komisio baten bidez ordaindua izaten dena”.

Hortaz, Vitoria-Gasteizko Merkataritza-Arloko 1. Epaitegiak Kutxabank kobratzen ari den komisio hau bidegabea eta abusuzkoa dela ebatzi du eta kobratzeari betiko uztea agindu dio epaian, epaiketaren kostua ere entitatari kobratuta.

Nahiz eta epai honek espresuki ez duen esaten, EKA/ACUV-ek ulertzen du erabaki honek bide ematen diela erreklamatzeko Kutxabanki komisio hori aurretik ordaindu dioten pertsonei. Izan ere, epaile batek abusuzkoa edo legez kontrakoa izateagatik klausula bat baliogabetzen duenean, legeak dio klausula hori inoiz existitu izan ez balitz bezala jo behar dela eta klausula horren aplikazioagatik egin dena desegin egin behar dela.

SENTENCIA KUTXABANK COMISIÓN INGRESO EFECTIVO