BEHERAPENAK: SOILIK PREZIOAN, EZ PRODUKTUEN KALITATEAN EZTA KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEETAN ERE

Merkataritza txiki eta ertainaren patronalaren arabera, 2012an Madrilgo PPko Gobernuak ezarri zuen beherapenen liberalizazioak emaitza txarrak ekarri dizkio arloari, eta orain PSOEko Gobernua beherapenen neguko eta udako ohiko egutegiak berreskuratzea pentsatzen ari da, EKA/ACUV-ek begi onez ikusten duen aldaketa litzatekeena. Merkealdia erosketa probetxagarria egiteko aukera ona izaten da, beti ere arrazoizko jarraibide batzuk begiratuta: zentzuzko aurrekontu bat eta erosketa zerrenda bat zehaztu, erosiko den produktu bakoitzean kalitateari eta deskontuari erreparatu… Hona hemen EKA/ACUV-en aholkuak.

Erosketa zerrenda eta aurrekontua. Lehen urratsa aurrekontu bat eta erosketa zerrenda bat zehaztea da, aurretik behar edo nahi ditugun produktuak eta gure ekonomiak erosketa horretarako uzten diguna ere ondo pentsatuta.

Saltoki edo weborri ezberdinetan produktuak eta prezioak aldendu.Ahalegintxo bat eskatzen du, baina gehienetan emankorra izaten da, batez ere produktu berbera edo oso antzekoa ahalik eta merkeen aurkitzeko.

Kontuz txartelarekin. Kreditu edo debito txartela erabiltzen badugu, zentzudun gastu muga bat ere ezarri behar da, izan ere txartelarekin ordainduz eskudiruarekin baino gutxiago konturatzen gara egiten ari garen gastuaz. Jakin behar da ere bai merkealdian saltokiek txartelarekin ordaintzea uka dezaketela, horixe nabarmenki ohartarazita.

Ondo erreparatu etiketari, prezio bikoitzari. Karteletan eta iragarkietan azaltzen diren deskontu deigarriak ez dira beti saltokiko produktu guztietan ezartzen. Ondo begiratu behar dugu beraz gura dugun artikuluaren etiketa, zeinek merkealdiko salneurria zein aurrekoa edo ezarritako deskontu portzentaia azaldu behar dituen.

Kalitatea ere bai begiratu. Merkealdian saltzen diren artikuluek ezin dute akatsik eduki. Produktu akastunak soilik saldoetan edo likidazioetan sal daitezke. Hala ere, erosi aurretik komeni da begiratu bat ematea hutsunerik ez dagoela egiaztatzeko.

Bermeetan murrizketarik ez onartu. Merkealdietan Bermeen Legea ez doa oporretara. Produktu berriek bi urteko bermea izaten jarraitzen dute, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Idatzizko edo eustarri iraunkorreko bermea beharrezkoa da bizitza luzeko produktuetan (etxeko elektrotresnak, erremintak, altxariak, jostailuak, instrumentuak, ibilgailuak…).

Artikulua aldatzeko edo itzultzeko aukeraz galdetu.Merkealdian zein denboraldi normalean merkatariak erositakoa aldatu edo dirua itzuli behar du soilik produktuak akatsen bat badu edo saltokiaren edo produktuaren publizitatean kontsumitzailearen aldetik zuzenespen beharrik gabeko aldaketa edo diru itzulpena iragartzen badira. Dena dela, produktu bat erosi baino lehen komeni da ondo egon arren alda daitekeen galdetzea, merkatari askok hori onartzen bait dute.

Tiketa hartu eta gorde.Erosketaren tikea edo frogagiria hartu eta gorde egin behar dugu beti, ezinbestekoak bait dira erreklamazio bat aurkeztu ahal izateko, adibidez produktua akastuna delako edo ondo ez dabilelako.

Uko egiteko eskubidea urrutiko salerosketan. Produktu galkorren, pertsonalizatuen eta beste salbuespen batzuen kasuetan izan ezik, Internet eta telefonoaren bidezko salerosketan 14 egun naturaleko epean gauzatu behar den uko egiteko eskubidea daukagu (erositakoa itzuli eta dirua berreskuratu), erabakia justifikatu beharrik gabe.

Lineako erosketan ordainketa mota. Transferentziak eta bankuko kontuari lotutako txartelarekiko ordainketa arriskutsuak dira, Interneten weborri iruzurrezko eta pirata asko baitago. Seguruagoa da aurreordainketako txartelak edo Paypal erabiltzea.

Utzi iruzkina