BANKINTERREK SOBERA KOBRATUTAKO 345 EURO ITZULI ETA KONTU BATEN MANTENTZE-KOMISIOA KENDU DU

EKA/ACUV-eko F.J.A. bazkideak kontu korrontea mantentzeagatik sehileko 22,50 euroko komisioa adostuta zeukan Bankinterrekin. Pixkanaka-pixkanaka, bankua komisioa garestitzen joan zitzaion eta joan den abuztuan, EKA/ACUV-eko Donostiako bulegoaren laguntzarekin, komisioarekin eta haren etengabeko igoerekin bere desadostasuna agertu zion bezeroak entitateari.

Bankinterren erantzuna, irailaren 6an, harrigarriki positiboa izan zen. Bi urte eta sei hilabetetan zehar “zor izandako mantentze-komisioari” zegozkion 345 euroak itzuli zizkion gure bazkideari eta, areago, hauxe komunikatu zion: “Frogaketa egokiak eginda eta zure ezaugarri pertsonalei arreta ipiniz… zure kontua mantentze-komisiotik salbuetsita egongo da”; hori bai, “bankuak baldintza-aldaketaz ohararazteko komunikazio berri bat bidaltzen ez dizun bitartean”.

Bitxia da zinez banku batek, erreklamazioa jaso orduko, bezero baten aurrean gehiegizko erabilera edo irregulartasun bat onartzea, era inplizituan bada ere, eta hura zuzentzeari ekitea (dirua itzuliz); eta oraindik arraroagoa komisio bat kentzea erresistentzia txikiena ere azaldu gabe. Oso gutxitan ikus daitekeen gauza da. Baina, erakutsi dugunez, inoiz gertatzen da.

Beraz, EKA/ACUV-eko bazkide agurgarriak eta kontsumitzaile oro, arrazoia alde duzuela eta hori froga dezakazuela irizten baduzue, erreklamatzera anima zaitezte.

Eta ez ezazue ahaztu kontu korrontea behatzea, gutxienez hilean behin, bankuaren aldetik edo helbideratutako ordainketak dituzuen edozein entitateren aldetik litezkeen behar ez bezalako karguak lehenbailehen antzemateko eta ezbeharra konpontzeko lanean jarri ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude