Banketxeen irabazi-asmo aseezinak oso zain emankorra aurkitu du komisioetan

EKA/OCUVek kutxazainen ‘komisio bikoitza’ debekatzea txalotzen du eta banka komisio guztientzat legezko mugak ezarriko dituen erregulazio bat eskatzen du.

Irailaren 18an EKA/OCUVek prentsa-ohar bat zabaldu zuen non Espainiako Ekonomiako Ministerioak kutxazain automatikoak erabiltzeagatik ‘komisio bikoitza’ debekatzeko hartutako erabakia txalotzen zuen eta banketxeek kobratu ditzaketen komisioak zehazteko zein komisio guztiei gaineko muga ipintzeko legezko arautze bat eskatzen zuen. Kutxazainetako “Komisio bikoitzaren guda”k agerian utzi du, berriro ere, finantza entitateen irabazi-asmo aseezina. Bankuek urrezko zaina aurkitu dute komisioetan eta inoiz baino gehiago ari dira erabiltzaileak ustiatzen. Bidenabar, kutxa bezalako oinarrizko zerbitzuak gero eta gehiago murrizten ari dira, bezeroak operazioak Interneten eta kutxazain automatikoetan egitera bultzatzen.

‘Komisio bikoitza’ren gatazkari Caixabankek eman zion hasiera udaberrian bere bezero ez zirenei haren kutxazainetatik dirua ateratzeagatik bi euroko komisio bat kobratuko zizkiela iragarri zuenean. Udan, BBVAk eta Banco Santanderrek haiek ere, udazkenean, komisio berbera kobratzen hasiko zirela aurreratu zuten.

Irailearen 17an, beste zortzi finantza entitatek bezero ez direnei komisio hori ez kobratzeko konpromisoa hartu zuten itun bat sinatuz. Kutxabank, Sabadell-Guipuzcoano, Abanca, Bankia, Ibercaja, BMN, Liberbank eta Unicaja izan ziren, guztion artean 18.000 kutxazain automatiko biltzen dituztenak, espainiar Estatuan dauden guztietatik ea %40.

Ituna sinatu eta ordu batzuk beranduago, Ekonomiako Ministerioak kutxazainak erabiltzeagatiko ‘komisio bikoitza’ debekatuko zuela zabaldu zuen. Ekonomiaren argudio nagusia, erabiltzaileari ezin zaiola zerbitzu bakar batengatik bi aldiz kobratu, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrean zehazki hartutako debekua (87.5 artikulua, elkarrekikotasun eza eta abusuzko klausulen ingurukoa).

Izan ere, gogoratu behar da Caixabankek hilabete batzuetan haren kutxazainak erabiltzeagatik bere bezero ez zirenei kobratu zizkien bi euroak txartelak igortzen dituzten bankuek haien bezeroei beste bankuen edo sareen kutxazainetan dirua ateratzeagatik kobratzen dizkien komisioei gehitzen zirela, kasu batzuetan kopuru fiko bat (euro bat, 2, 3…) eta besteetan ateratako diru kopuruaren ehuneko bat (zenbaitetan %5 ere).

Debekuaren oharraren eta haren gauzatzearen artean (bi aste beranduago ministro-aginduaz), banka handiak aurreratu zuen, El Correo egunkariak argitaratu zuenaren arabera, konponbidea izango zela “kutxazainen jabeak diren entitateek kobratzen duten komisioa onartzea, makinetan inbertsioak egin dituztenak baitira, eta txartelen igorle entitateek beste entitateko kutxazainetik dirua ateratzen dutenean haien bezeroei kobratzen dietena kentzea”.

BBVAk, adibidez, hartuko zuen estrategia aldaketa iragarri zuen egun horietan: beraren kutxazainetatik dirua aterako zuten ez bezeroei komisioa kobratzea eta bere bezeroei beste entitateetan dirua ateratzeagatik komisiorik ez kobratzea. Azkenean, ‘komisio bikoitza’ debekatzen zuen ministro-agindua heldu zen, kutxazainaren jabea komisioa kobratu dezakeen bakarra dela ezarriz gainera, hortaz txartelaren igorleak berea kobratzeari utzi behar dion. Hori bai, Ministro-kontseiluak emandako aginduak baimendutako komisioari ez zion inolako mugarik ipini.

Irabazkinak hirukoiztu eta banka onlineko konpetentziari aurre egin

Haien bezeroak ez direnei kutxazain automatikoak erabiltzeagatik 2 euro kobratzeak banketxe handientzat haien makinek ematen dizkieten irabazkinak hirukoiztea suposatuko lieke, gaurko bataz bestekoa 0,65 eurokoa izanda, eta gainera banka onlinek egiten dien konpetentzia gogorrari galga ipiniko liokete, merkatutik kanporatzea lortzera ere helduta agian. Banka onlinek, espainiar Estatuan ING, EVO eta Mediolanumek lideratzen dutena, ez dauka berezko kutxazain automatikorik, eta bere bezeroak beste entitateenak erabili behar dituzte. Eta bezero horiek ez dute operazio horiengatik komisiorik ordaintzen, banketxe onlinek baiziki.

Haien bezeroek beste banketxeen kutxazainak erabiltzen dituzten bakoitzean 0,65 euro ordaindu ordez 2 euro ordaindu beharko balute INGk (3,21 milioi bezero dituena Espainian), EVOk eta Mediolanumek, haien mozkinak izugarri jaitsiko lirateke, agian komisio hori bezeroei kobratzen hasi beharko lirateke, orain duten erakargarritasun hori galduko lukete… eta merkatutik kanpo gera litezke, kontsumitzailearentzat kaltegarria izango zena lehia murriztuko litzatekeelako.

Banka beti irabazle

Haren neurrira egindako araudiaren babesean (esate baterako, ez dago maileguen korrituentzako inolako legezko mugarik), finantza sistema etengabe ari da produktu eta sistema berriak asmatzen bere bezeroak gero eta gehiago ustiatzeko eta beraren etekinak ahal gehien loditzeko. Eta bankak dituen frente anitzetako batean irabazkinak jaisten direnean berehala gogortzen du besteren bat.

Hipotekak Euriborrari lotzea indize hori gora eta gora zegoenean (mailegu hipotekarioek historikoki zuten korritu finkoa aldakorra bihurtuz) jokaldi ederra izan zuen etxebizitzen erosketarako maileguek bankuei ematen zizkietean mozkinak izugarri handitzeko. Eta Euriborra jaisten hasi zenean, zoru-klausulak asmatu zituzten, Espainiako Auzitegi Gorenak abusuzkoak jo dituen berberak. Hori bai, milioika familia urte luze txirotzen jardun eta gero, horietako asko etxebizitza galtzera ere eramanda.

Gero eta komisio gehiago ulertezina den huts legalari esker

Diruaren prezio ofiziala gutxiengo historikoan dagoela eta duela urte batzuk maileguek ematen zizkieten etekinak askoz baxuagoak diren honetan, banketxeek komisioetan ipini dute itu nagusietakoa: gero eta komisio gehiago, gero eta garestiagoak ere.

Oraintsu argitaratutako ikerketa batzuen arabera, 2014an banketxeek kobratu zituzten komisioak %15 garestitu ziren bataz beste, bezero tipoarentzat 170 izanaz urtean guztiak bilduta. Eta aurten, ildo berean eta are gehiago. Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten sei finantza entitate nagusien lehen seihileko balantzeek haien komisioengatiko irabaziak urtarrilatik ekainera izugarri asko zirela erakusten dute: %10,5 BBVAn; %10,4 Caixabanken; %9,5 Sabadell-Guipuzcoanon; %6,9 Laboral Kutxan; %6,5 Kutxabanken; %5,7 Santanderren…

Nola da posible egoera hau? Erraza: legeak banketxeei nahi dituzten komisioak eta nahi bezala ipintzea, inposatzea, baimentzen dielako. Soilik bi komisio dago legez araututa: txartelekin ordaintzeagatik saltokiei kobratzen zaizkiena eta pentsio-planetakoak.

Hori guztiagatik, EKA/OCUVek Madrilgo Gobernuari arloa arautzea eskatzen dio, arautze bat egin eta ezar dezala banka komisioen gainean, zein komisioak kobratu daitezke zehaztu eta bakoitzari muga bat ipiniko diena, gora eta gora egiten duen izugarrizko triskantza izaten ari baitira komisioak erabiltzaileentzat.

Epaileek legez kontrako ikusten dituzten legezko komisioak (arautze ezan)

Banka zerbitzuen erabiltzaile batzuk, kontsumitzaile elkarteen abokatuen eskutik, bakuen aurkako eskaera judizialak ipintzera pausua ematera ausartzen dira abusuzkoak jotzen dituzten komisioengatik ordaindutako diruaren itzulpena eskatzeko. Eta horietako kasu gehienetan epaileek bezeroei arrazoia ematen dieten eta, abusuzkoak izateagatik, salatutako komisioak baliogabetzen dute, erregulazio ezagatik ‘legalak’ diren komisioak hain zuzen ere. Honelako epaiketa bat irabazten duen erabiltzaileari zigortutako bankuak bidegabeki kobratutako dirua itzultzi behar dio, eta ezin dio aurrerantzean debekatutako komisio hori edo horiek berriro ezarri. Baina bezero hori soilik. Beste bezeroekin berdin jarraituko du banketxeak, epaileek abusuzkoak eta hortaz legez kanpokoak jotzen dituzten komisio horiek kobratzen; justiziarentzat legezkoak ez para banka merkatua arautzen duen sistemarentzat legalak. Sistema hori legisladoreen esku dago, baino oraindik ez dira benetako eta beharrezko arautze eraginkor horri ekin, tamalez.

Erabiltzaileek arretaren okerragotzea eta oinarrizko zerbitzuetan mozketa larriak salatzen dituzte

Kutxa zerbitzuan murrizketak Internetera eta kutxazainetara bultzatu nahi gaitu

Banka zerbitzuen erabiltzaileen kexak (ea herritar gutztiok gara horiek) zabaltzen dira finantza entitateek ematen diguten gero eta arreta okerragora eta ulertezinak egiten zaizkigun oinarrizkoak eta historikoak diren kutxa bezalako zerbitzuetan murrizketetara. Azken boladan, finantza entitate askok gutxieneko ordutegira mugatu dute kutxa zerbitzua (bi ordu eta baita ordu bakarra ere goizetan, eta ez lanegun guztietan), kutxa zerbitzua ea erabilezina bilakatuz populazioaren zati handi batentzat.

Eta ez hori bakarrik. Zenbait banketxe eta kutxa beste pertsonen edo entitateen kontuetan diru-sarrerak egiteagatik bi euro arteko komisioak kobratzen hasi dira, benetan gauza bitxia orain gutxi arte eta erabiltzaileak zur eta lur utzi dituen jokabidea. Horrek suposatzen duen ustiatze adibide sinple bat, hauxe: milaka familiek ‘mordida’ hori halabeharrez ordaindu behar dute umeen eskolaz kanpoko ekintzetako dirua Ikasleen Ama eta Aita Elkarteen kontuetan sartu ahal izateko.

Honelako inposizio eta murrizketekin banketxeek bilatzen dutena da erabiltzaileak operazioak egiteko Interneten bidezko sistemetara bultzatzea. Hori oso zaila da edo erabat ezinezkoa suertatzen zaio herritarron zati askori, batez ere adineko jendeari eta Internet Sarearekiko lotura kaxkarra duten nekazal inguruko biztanleei. Internetera edota kutxazain automatikoetara bultzatu nahi gaituzte. Kutxazain horietatik asko kale gorrian daude eta erabiltzailea dirua sartzen edo ateratzen ibili behar da eguraldi txarraren aurrean, kale ibiltariek inguratuta eta agian bere bizkarrean erabiltzaile ilara bat izanda ere.

Utzi iruzkina