SANTANDERREK 9.000 EUROKO KALTEORDAINA EMAN DIO BEZERO BATI BERANKORREN FITXATEGIETAN LEGEZ KANPO MANTENTZEAGATIK

Terueleko herritar batek bere kotxea konpondu behar zuen, edo bestela beste bat erosi, eta etxerako erregaia eskuratu ere bai. Gastu horiek egin ahal izateko finantza entitate batzuei maileguak eskatu zizkien baina denek ukatu egin zizkioten ondare kaudimengabeziari buruzko bi fitxategietan (berankorren fitxategiak) zegoela bazekitelako. Horietatik ateratzeko saiakerak egin zituen gizonak baina ez zuen lortu, nahiz eta hipoteka ez ordaintzeagatik fitxategiaetan sartu zuen bankuarekin (Santanderrekin) zeukan zorra kitatua zuen higiezin bat ordainetan emanda, eta gelditzen zen zorra berriz finantzatzeko akordioa ere egina zuen. Datuak Babesteko Agentziara jo zuen baina entitate horren bere aldeko ebazpenak ere ez zuen lortu berankorren erregistroetatik ken zezatela. Gizonak salaketa jarri zuen orduan bankuaren aurka Terueleko Lehen Auzialdiko 2. Epaitegian, bankua bidegabe sartu zelako haren ohorerako eskubidean (Konstituzioaren 18.1 artikuluak babesten du eskubide hori) eta kalte ekonomikoak eragin zizkiolako fitxategietan legez kontra mantenduta. Kasua zehatz-mehatz aztertu ondoren eta Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia ugari eta garbia aztertuta eta Europan berankortasunari eta ohorerako eskubideari dauden araudiak esku artean hartuta, epaitegiak zigortu egin zuen bankua, 2017ko urtarrilaren 12an emandako epaian, eta behartu egin zuen bezeroa berankorren fitxategietatik kentzera eta hari 9.000 euroko kalteordaina ematera, eta legez zegozkion interesak eta epaiketako kostuak ere ordainarazi zizkion.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude